Elorrioko kirol instalazioetako diru sarrerak 178.456 euroan gutxitu dira

Ekaitz Herrera 2021ko api. 7a, 10:27

Kiroldegian eta Elizaldeko igerilekuetan 381.159 euroko diru sarrerak egon ziren 2019an, baina pandemiaren eraginez kopuru hori 202.703 eurora jaitsi zen iaz. Gobernu taldeak adierazi du  "kalitatezko zerbitzua" eskaintzen jarraituko dutela aurrerantzean ere.

Pandemiaren arrastoa igarri dute Elorrioko kirol instalazioetan. Udalak balantze ekonoimkoa egin du, eta ohi baino jende gutxiago ibiltzeak ohi baino diru sarrera gutxiago erregistratzeza ekarri duela ondorioztatu du. 2019an baino 178.000 euro inguru gutxiago. Iazko martxotik abendura bitarteko diru sarrerek behera egin dute, udan Elizaldeko igerilekuetara ohi baino jende gutxiago gerturatu da, eta hainbat jarduera bertan behera utzi behar izan zituzten iaz. Gauzak horrela, honela geratu da 2020ko balantze ekonomikoa: 774.021,85 euroko gastua erregistratu zen kirol instalazioetan; 202.703 eurokoak izan ziren diru-sarrerak, eta, horrenbestez, 571.318 euroko defizita egon zen. 2019an zertxobait handiagoa izan zen gastu kopurua. 785.825 eurokoa. Eta altuagoa diru sarreren kopurua: 381.159 eurokoa.

Dani Palacios kirol eta jarduera fisikoko zinegotziaren arabera, “irakurketarik sinplistena datu horiek modu negatiboan interpretatzea" litzateke. "Bistakoa da ez direla positiboak, baina zoritxarrez diru-sarrerak murriztu egin diren eta gastuek beren horretan jarraitu duten egoera batean eman dira. Gastu horien artean, langileenak, gastu finkoak, beste mantentze-lan batzuk edo pandemiaren hilabete txarrenetan egin ditugun hobekuntzak daude”, esan du Palaciosek. Udalak azken puntu hori azpimarratu du. Instalazioak edo zerbitzuak etenda egon diren denboran beharginen soldatak eta mantenu -anak indarrean egon dira.

Aurrerantzean "kirol instalazioetan kalitatezko zerbitzua" eskaintzen jarraituko duela gehitu du udalak. Horretarako,  "kudeaketa mistoa" izango dute oinarri. "Oreka" bat bilatu gura dute udalak beregain hartzen duen kostuaren eta erabiltzaileek beregain hartzen duten kostuaren artean.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!