Ganondo parkea zabalduko dute, apirilaren 10ean

Anboto 2021ko api. 2a, 11:00

Elorrioko erdigune historikoan, Buzkantz eta Montorra kaleen artean dago 12.000 metro karratuko berdegune berria. Bidezidor eta bide txikiak, eta, animaliekin paseatzeko aisialdirako gunea egokitu dituzte bertan. Guztira, 178.474 euroko inbertsioa egin dute.

Pasiatzeko eta aisialdirako gune berria izango dute elorriarrek apirilaren 10etik aurrera. Orduan zabalduko du Elorrioko Udalak Ganondo parke berria. Iazko irailean hasi zituzten 12.000 metro karratu hartzen dituen berdeguneko lanak eta lehen faseko lanak amaitzear daude. Bidezidor eta bide txikiak eta animaliekin paseatzeko aisialdirako gunea egokitu dituzte. 

Eserlekuak eta LED argiak instalatuko dira bigarren fase batean;  baita skate park bat ere. Ideia hori gazteen partaidetza-prozesu batetik sortu da. Hala ere, eraiki ahal izateko URAk, Uraren Euskal Agentziak, eman beharreko baimenaren zain egon dira, urte eta erdi atzeratu dena, udal ordezkariek azaldu dutenez. “Jarduketa honekin Elorrio irisgarriagoa, berdeagoa eta guztiontzat hurbilagoa sortzen jarraitzeko bidean aurrera egiten dugu. Birika berde berri batez eta Toloto ibaia bideratzearekin batera, hiri eta paisaia eraldaketa osoa ekarri duen funtsezko proiektu batez ari gara”, adierazi du Idoia Buruaga alkateak.

Ganondo, elorrioarrek aukeratutako izena

Parkeari izena jartzeko prozesu parte-hartzailea jarri zuen martxan udalak. Bada, 156 galdetegi jaso dituzte, 61 proposamenekin. Batutako galdetegietako 31n azaldu du Ganondo eta baldintzak betetzen zituen izendapena izanik, hori aukeratu dute.

“Prozesuak bi helburu izan ditu: alde batetik, elorriarrek parte hartzea, euren proposamenak eta arrazoiak ezagutzea gura genuen, erabakiak hartzeko orduan parte-hartzea sustatuz. Gainera, jakin-mina piztu gura genuen, prozesua ikasketa-ariketa bihur zedin: zelan deitu izan zaion historian zehar eremu horri, zer den eta toponimiak zer dioen... Erantzuna ezin hobea izan da. Hitz-jokoekin egindako oso proposamen originalak jaso ditugu, eta baita bertako toponimiari buruzko kontsultak ere, horrelako gauzak non kontsultatu....”, adierazi du Idoia Buruagak.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!