“Abortu naturala bistaratzeko premia nuen, ez dago-eta gaiari buruzko ezer”

Ekaitz Herrera 2021ko mar. 26a, 09:49

"Zer egiten du gorputzak umea galtzerakoan?", "Zerbait naturala den neurrian, gorputzak berez bota beharko du barrukoa, ezta?". Bere buruari halako galderak eginda,  Eider Morenok (Elorrio, 1981) umea galtzearen gainean eta horri buruzko informazio faltaren gainean jardun du, lehenengo pertsonan.

Oso intimoa den pasarte bat komiki bihurtu duzu. Zure barruak husteko ariketa izan da?
Ez dakit barruak husteko modu bat izan den. Iruditzen zait bere momentuan irten ez zuen indar batek orain topatu duela argitara irteteko bidea. Horrela sentitu dut hasieratik. Beti izan naiz gauzak idaztekoa eta betidanik izan dut zerbait argitaratzeko gogoa. Ez nekien zer izango zen, baina hau gertatutakoan argi ikusi nuen hauxe zela argitaratu gura nuena.

Abortu naturalaren gaia ikusarazteko beharrizan bati erantzun gura izan diozu?
Bai, guztiz bistaratzeko premia nuen. Izan ere, ez nuen gaiari buruzko ezer ere topatzen. Eta ezin nuen sinetsi. Neure buruari galdetzen nion: “Zer egiten du gorputzak halako zeozer gertatzen denean?”, “Zerbait naturala den neurrian, gorputzak berez bota beharko du barrukoa, ezta?”. Halako gauzak irakurtzeak ikusgarritasun bat ematen duela iruditzen zait. Esango nuke liburua askori egingo zaiola lagungarri.

Erreferentzialtasuna inportantea da, beraz.
Bai. Han-hemenka horrelako gauzak irakurtzeak lasaitasuna ematen dizu. Izan ere, medikuntzatik ematen diren aukerak bi dira: pilulak hartzea edo legratua egitea. Baina abortatzeko modu naturala, gorputzak berez kanporatzen duena, ez da aipatzen. Ezin duzu inora jo hori ere posible dela ikusteko.

Medikuntzaren bidetik barik, zuk modu naturalean garatu duzu abortuaren prozesua.
Bai. Senak esaten zidan naturak bazuela barrukoa zeozelan kanporatzeko modua. Emakumeak milaka urte dituenez gero, zeozelan aurre egin behar izan diola. Azken finean, gorputzak detektatzen duenean hasitako prozesua  aurrera ez doala, hori garbitzeko prozesua ipintzen du martxan. Zer eskaintzen du medikuntzak? Bada, bizkortasuna. Gizartea hain azkar doanez, medikuntzak hori ematen dizu, bat-batekotasuna. Beharbada bide natural hau ez da baliagarria izango emakume guztientzat, baina izan daiteke batzuentzat. Gauza hauek kontzienteago bizi gura dutenek, denbora dutenek behintzat, jakin dezatela badirela bestelako aukerak ere.

Zelakoa da bide natural hori?
Funtsean, zain egotea da kontua. Eta ez da prozesu bizkorra. Hiru egunean egon nintzen uzkurdurekin, jarioekin. Eta ez daukazunez ia informaziorik, ez dakizu hori guzti hori arrunta den. Gertatzen ari zenaren kontzientzia hartu nuenean bota nuen barrukoa. Nik Kattalin deituriko hazi horren kontzientzia hartutakoan, “honaino ailegatu gara” esaterakoan, hasi nintzen uzkurdurekin. Zure energia gorputzera bideratzerakoan, gorputzak igarri egiten du hori.

Zelakoa izan da komikia egiteko bidea?
Ez da egon gidoirik. Hasieran, zerbait idaztekotan nengoen. Baina egin nuen lehenengo gauza irudi bat egitea izan zen. Horrela irten du denak. Berez etorri da dena.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!