Baheketa egiten hasiko dira gaur Elorrion

Anboto 2021ko mar. 22a, 08:58

19 urtetik 65 urtera bitarteko herritarrek PCR proba egiteko txanda hartu dezakete. Gaur, bihar eta etzi egingo dute baheketa, polikiroldegian. 

Azken egunetako datuak kontuan izanda, Osakidetzak Elorrion baheketa egitea erabaki du. Baheketa polikiroldegian egingo dute. Osakidetzak azaldu duenez, 19 urtetik 65 urtera bitarteko elorriarrek PCR proba egiteko aukera izango dute. Hitzordua aurretik hartu beharko da, Elorrioko osasun-zentroan (94 623 80 70) edo 900 203 050 telefono zenbakira deituta. Baheketa gaur, hasiko da 16:00etan. Bihar 9:00etatik 21:00etara egongo dira, baita martxoaren 24an ere. 

Bestalde, emaitza guztiak SMS bidez bidaliko direla jakinarazi dute. 

Baheketan parte hartzeko deia

Elorrioko alkateak, Idoia Buruagak, baheketan parte hartzeko deia egin die 19 urtetik 65 urtera bitarteko herritarrei. "Adin tarte horretako herritarrei baheketan parte hartzeko deia egiten dizuet, birusaren hedapena lehenbailehen murriztu ahal izateko", esan du alkateak. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!