Elorrioko 33 negoziok krisiaren ondorioak arintzeko udal laguntzak jasoko dituzte

Ekaitz Herrera 2021ko mar. 13a, 20:15

Elorrioko Udalak autonomoentzako, ostalarientzako eta negozio txikientzako diru laguntzak onartu ditu. 33 negozio lagunduko ditu diruz. Hurrengo asteetan bideratuko die dirua.

Elorrioko Udalak herriko negozio txikiak diruz lagunduko dituela jakinarazi du. Osasun krisiaren ondorioak arintzen lagundu gura die autonomoei, dendariei, negozio txikiei eta ostalariei. Negozioek "hurrengo asteetan" jasoko dute udalaren laguntzak, udalak berak jakinarazi duenez. Ostalaritzaren sektoreko 28 establezimenduk egin dituzte eskariak, eta 26k bete dituzte beharrezko baldintzak. Horiei 1.500 euroko laguntza eskainiko die udalak, gehienez ere. Bestalde, 8 laguntza eskari erregistratu dira mikroenpresen eta autonomoen alorrean. Euretako zazpik bete dituzte beharrezko baldintzak eta horiek lagunduko ditu udalak.

Maria Herrero alkateorde eta Gizarte politiketako zinegotziak herriko negozioek egin duten "ahalegin handia" azpimarratu du. "Haien negozioaren jarraipena arrisku larrian ikusi duten mikroenpresei eta pertsona autonomoei buruz ari gara", esan du, eta, nabarmendu du negozioen "galerak %60tik gorakoak" izan direla. Egoera horri aurre egiteko 100.000 euro gorde zituen Elorrioko Udalak. Zenbatekoa ez denez agortu, onuradunek "hasieran aurreikusitakoa baino kopuru handiagoa jasoko dute, eta, kasu bakoitzean justifikatutako gastuak oso-osorik estaliko dira".

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!