“Liburu asko eduki arren, pertsonak dira liburutegien lehengai nagusia"

Aitziber Basauri 2021ko mar. 16a, 10:34

Inazio Zubiak (Elorrio, 1956) hiru hamarkada egin ditu liburuzain Elorrion. Belaunaldi bat baino gehiago ezagutu ditu liburutegian, eta, azken egunotan, egindako lanagaitik esker ona adierazten duten gutunak jaso ditu umeengandik. Erretiroa hartu eta lekukoa emateko ordua heldu zaio: "Orain, agenda hartu eta bete egingo dut. Denboraz eta bizitzaz disfrutatuko dut", esan du.  Betiko liburuak eta liburu elektronikoak osagarriak direla uste du: "bakoitzak bere tokia du. Liburua ez da desagertuko".

Zelakoa izan da 34 urteko ibilbidea? Liburuzainaren lana asko aldatu da?
Aldatu da, bai. Liburutegi zaharrean 75 metro koadroko espazioagaz borrokatu behar genuen; haur eta heldu, denok partekatu beharreko gunea zen, gainera. Hori atzean utzi eta Iturri kultur etxera etortzea jauzi handia izan zen. Luxu bat da Elorrio lako herri batentzat horrelako haur- liburutegia izatea, helduentzako liburutegia ahaztu barik. Niretzat plazera izan da hemen lan egitea. Hainbat ekintza antolatzeko aukera eta lekua ditugu; liburutegiari bizia eman diogu: hilero ipuin kontaketa saioa, eta ume zein helduentzat irakurketa tailerrak antolatu ditugu. 26 urtean irakurketa lehiaketa egin dugu. Kontzientziazio lana ere egin behar izan dugu gurasoekin, liburutegia ez delako ludoteka.

Irakurzaletasuna handitu egin da?
Bai, asko. Ikastetxeetan bide luzea egin da. Adina eta gaia (berdintasuna, beldurra, bullyng-a, agresibitatea...) kontuan hartuta, libururik egokienak eskaintzen zaizkie umeei. Helduok ere asko ikasi genezake, gero txikiei erakusteko. Liburuak oinarrizkoak dira gizakion eta gizartearen garapenerako. Bada, gehiago gozatu beharko genituzke liburutegiak: herri baten kultura maila erakusten dute. Liburu asko eduki arren, pertsonak dira liburutegien lehengai nagusia, eta zaindu egin behar ditugu. Haiengana heldu behar dugu, haiekin egon behar dugu.

Irakurlea jaio ala bilakatu egiten da?
Denboragaz egiten gara irakurle, eta etxean ikusitakoak badu eragina horretan. Ingurukoak irakurtzen ikustea, irakurmen-giroa sentitzea, hori hor geratzen da betirako.

Badago gehiago egiterik irakurzaletasuna bultzatzeko?
Beti egin daiteke gehiago. Baliabideak eman behar ditugu irakurtzen jarraitzeko eta ohitura horri eusteko. Gainera, beti egongo da gustuko irakurketaren bat. Topatu egin behar dugu. Bada, utzi diezaiegun umeei gustuko duten hori irakurtzen. Irakurtzera motibatu egin behar da, inoiz ere ez behartu.

Zaletasuna ofizio bihurtu duzu ala lanbideak eroan zaitu irakurtzera?
Beti gustatu izan zait liburu artean egotea. Denerik irakurtzea gustatzen zait, gainera. Umeentzako liburuak, best-seller-ak, nobela beltza.... Kultur bitartekaria naiz azken finean, eta gustatzen zait horretan jardutea. Giza harremanak, pertsonak eta irakurketa gustuko ditut.

Baduzu anekdotarik gogoan?
Sasoi batean, debekatuta zegoen liburutegian mugikorra erabiltzea. Bada, pertsona bat turbantean ezkutatuta zuen telefonotik berbetan harrapatu nuen. Haur-liburutegiko umetxoentzako gelan izan zen. Harrigarria iruditu zitzaidan!

Askotan eskatu duzu isilik egoteko?
Bai, eta eskerrak. Kultur azpiegitura ikaragarria dugu eta mugimendu handia dago. Jende asko pilatzean denean, gainean egon beharra dago; askotan gurasoen gainean umeen gainean baino gehiago.

Zein liburu duzu mesanotxean?
La Bruma Verde (Gonzalo Giner).

Idazle bat?
Hermann Hesse asko gustatu zait beti; Dostoievski edo Agatha Christie ere bai. Asko ditut gustuko.

Gomendio bat irakurtzeko?
Komikiak irakurtzera animatuko nuke. Erraz irakurtzen dira. Marrazkiek lan izugarria dute eta mezu asko batzen dituzte.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!