Eva Muñoa elorriarra urrezko domina birekin eta errekorrekin estreinatu da Master-50 kategorian

Joseba Derteano 2021ko mar. 2a, 10:15

Espainiako jaurtiketa luzeen neguko txapelketan lortu ditu dominak.

Eva Muñoa (Elorrio, 1970) bikain aritu da Barbastron (Aragoi, Espainia) lehiatu den txapelketan. Master 50 kategorian estreinaldia zuen eta urrezko domina bi irabazi ditu mailu-jaurtiketan. Gainera, kasu bietan txapelketa horretako errekor berriak ezarri ditu. Hiru kiloko mailua 36,29 metrora jaurti zuen; zazpi kilo pasatxokoa, berriz, 11,29 metrora.

"Kategoria berria zenez ez nekien zer espero. Egia da hiru kiloko mailuagaz ondo sentitzen nintzela entrenamenduetan. Positiboa nintzen. Beste mailuarekin oso gutxi entrenatu dut, pare bat egunetan bakarrik, pisu hori mugitzea gogorra delako", adierazi du Durangoko Kirol Taldeko kirolariak. Beste kirolari askoren antzera, hilabete askoan entrenatu barik egon da pandemiaren ondorioz. Urtarrilean hasi zen serio entrenatzen.

Aurrera begira, maiatzean Espainiako jaurtiketen pentatloi txapelketan parte hartu du. Ekainean edo uztailean, berriz, Durango Kirol Taldeko emakumeak Espaniako taldekako txapelketan ariko dira.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!