“Arriskatu egin naizela sentitzen dut, baina zortea izan dudala esan dezaket”

Aritz Maldonado 2021ko ots. 26a, 20:00

Olatz Salvador musikari donostiarrak oihartzun handia lortu du 'Aho uhal' bigarren diskoagaz. Ander Zulaika (bateria), Jagoba Salvador (baxua), Mattin Saldias (gitarra) eta Pablo Novoa (gitarrak, programazioak eta sintetizadorea) ditu taldekide; Novoak ekoizle lanak ere egin ditu.

 

Zelan doa aurkezpen bira?
Hilabete joan da diskoa kaleratu eta lehenengo kontzertua eman genuenetik. Oso harrera beroa izan dugu lehenengo momentutik, eta oso pozik gaude jendeak emandako erantzunagaz. Kontzerturik gehienetan sarrera guztiak saldu ditugu, eta gehiago edo gutxiago gerturatuta ere, publikoaren feedback positiboa jaso dugu.

Kostatu zaizue abestiak zuzenekoetara moldatzea?
Egia esateko, ez, oso musikari onak dira eta. Gainera, gero zuzenean egin ezingo genukeen ezer diskoan ez sartzen ahalegindu ginen. Horrela, errazagoa izan da gero moldaketaren bat egitea. Baina ahalegindu gara diskoan egin genuenari begira fidelak izaten.

Ez da erraza izango publikoagaz konektatzea egungo testuinguruan.
Ez da erraza konexio hori lehengo moduan sentitzea; ikusleek abestu arren, gugana ailegatzea ez da lehen bezain erraza eta. Badakit zer den publiko lez transmititu gura eta ezin hori. Beraz, ulertzen dut beste aldean dagoenaren sentsazioa.

Diskoak oihartzun handia izan du hedabideetan, eta zaleen aldetik ere harrera beroa jaso du. Itxaroten zenuen?
Ez, uste dut ezin duzula inoiz horrelakorik espero. Zuk badakizu lan handia egin duzula, baina gero ezin duzu aintzat hartu jendeari gustatuko zaion. Hori ezin da aurreikusi. Lan berri baten idazketa zerotik hasten dela uste dut, eta aurreko diskoagaz oinarri bat lortu arren, arriskatze ariketa bat da horrelako disko luze bat kaleratzea, hainbeste denbora eta energia eskaintzea erantzuna zelakoa izango den jakin barik. Alde horretatik, oso pozik nago. Arriskatu egin naizela sentitzen dut, baina zortea izan dudala esan dezaket. Esaten den moduan, kukuak jo duela. Babestua sentitu naiz eta oso pozik nago.

'Aho uhal' idazterakoan, igarri duzu presiorik edo bertigorik?
Bai, lehenengo diskotik bigarrenera pasatzerakoan ardura moduko bat sentitu nuen, gauzak ondo egin gura nituelako eta jendearen espektatiba bete gura nuelako. Jarraitzaileen gogoari erantzun gura nion eta hori ezinezkoa da. Bakoitzak bere gogoari, bere beharrizanei erantzun behar die, eta gero babestuko zaitu jendeak horrela gura badu. Norberaren barrutik irten behar du egia horrek, eta ni ahalegindu naiz hori errespetatzen.

Musikari dagokionez, hemen ere pop eta rock doinuak nabarmentzen dira, baina 'Zintzilik'-en lez, beste hainbat iturritatik ere edaten duzu. Aurretik harturiko erabakia da ala horrela irteten zaizu?
Nire kasuan, ez da aukeratua izan. Abesti bakoitzean murgildu ahala, abestiak eskatu didana ematen ahalegindu naiz; beraz, ez ditut abestiak egin modu arrazional batean pentsatuz. Instintiboagoa izan da aukeraketa hori. Neuzkan baliabideekin, abestiak eskatzen zuenaren arabera, doinu-espazio desberdinetan mugitu naiz. Egurra eskatzen bazidan, egurra; eta atmosfera eskatzen bazidan, doinu lasaia.

Disko honetan ere hainbat kolaborazio izan duzu.
Egia esan, kolaboraziorik gehienak izan aurretik nahikoa itxita zeuden abestiak, eta, alde horretatik, ez da aldaketa handirik egon. Ivan Ferreiroren kasuan ezik, gainerakoetan nahikoa erabakita geneukan zer egingo zuen bakoitzak. Hala ere, aldaketa handirik egon ez arren, beste tonu edo kolore bat eman diote, eta abestia aberastu  egin dute kasu guztietan. Beste modu bateko energia ematen diete kolaborazioek, eta kolektibizatu egiten dute prozesua bera; gainera, hartu-eman horien bitartez asko ikasteko aukera sortzen da.

Asteburuan, neguko birako azken datak dituzue. Hemendik aurrera, zein da asmoa?
Laster data berriak iragarriko ditugu. Lotuta ditugun kontzertuak jotzeko gogoz gaude, baita agenda gehiago betetzeko ere. Formatu berdina mantentzen ahalegindu gara, baita talde formatu hau berau ere. Eszenografia bat daukagu eta argiak eta soinuak ere oso landuta ditugu. Esango nuke hauxe dela eskaintzeko dugun formaturik aberatsena.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!