Saharako Errepublika Arabiar Demokratikoaren 45. urteurrenean adierazpen instituzionala onartu du Elorrioko Udalak

Anboto 2021ko ots. 25a, 13:48

Otsailaren 27an 45 urte beteko dira Saharako Errepublika Arabiar Demokratikoa aldarrikatu zenetik. Hori gogora elkartzeko adierazpen instituzionala onartu du Elorrioko Udalak, aho batez. Baita saharar herriari elkartasuna adierazteko. 

Otsailak 27, Saharako Errepublika Arabiar Demokratikoa aldarrikatu zeneko urteurrena

Otsailaren 27a oso data esanguratsua da saharar herriarentzat, Saharako Errepublika Arabiar Demokratikoaren (SEAD) aldarrikapenaren urteurrena baita. Aurten, Espainiak Mendebaldeko Sahara Marokori eta Mauritaniari era lotsagarrian entregatu eta lurraldea utzi eta hurrengo egunean Bir Lehluko kanpamentuan ospatutako aldarrikapen horren 45. urteurrena ospatzen da.

Ospakizun garrantzitsu hau dela eta, Elorrioko Udalak Sahara Euskadi Mugimenduarekin bat egiten du herri anai honekiko bere gertutasun eta elkartasun osoa adierazteko. Orain, inoiz baino gehiago, herri honek gure babesa behar du, 2020ko azaroaren 13an gerra-egoera deklaratu ondoren, Marokoko armadak Guerguerat-eko legez kanpoko arrakalan su-etena
urratzearen ondorioz bizi duen egoera larriaren aurrean.

Tindufeko (Aljeria) errefuxiatu kanpamentuetan dauden herritarrak elikagai eta osasun gabezia larriak jasaten ari dira mugak ixtearen ondorioz, Covid-19ren pandemiaren ondorioz, nazioarteko eta nazioko laguntza sartzea zailtzen baitu, desnutrizio- eta anemia-arazo larriak eraginez.

Gainera, sahararrek eta Mendebaldeko Saharako Lurralde okupatuetan bizi diren ekintzaileek egunero jasaten duten jazarpena eta giza eskubideen urraketa areagotu egin da Marokoko agintarien aldetik, modu baketsuan agertu direlako eta autodeterminaziorako eta askatasunean bizitzeko eskubideak aldarrikatu dituztelako, 45 urteko erresistentzia eta borroka baketsuaren ondoren.

Horregatik guztiagatik, Elorrioko Udalak, giza eskubideez eta justiziaz kezkatuta, bat egiten du Saharako Errepublika Arabiar Demokratikoa aldarrikatu zeneko 45. urteurrenaren ospakizunarekin. 2021eko otsailaren 27an, erakundeak herri honi ematen dioten babesa erakusteko, Saharako bandera udaletxeko balkoian zintzilikatuko da, keinu sinboliko gisa.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!