5G teknologia ez baimentzea erabaki du Elorrioko Udalak

Maialen Zuazubiskar 2021ko ots. 25a, 12:51

5G teknologia edo telefono sistemaren bosgarren belunaldia martxan da dagoeneko Euskal Herriko hainbat tokitan. Azkenaldian, zabalpen horregaz batera, 5G teknologia osasunerako arriskutsutzat duten herritarren ahotsa ere indarra hartzen dabil eta horren adibide izan zen Elorrioko Udaleko azken osoko bilkura.

Bertan, teknologia biobateragarri eta jasangarri baten aldeko Elorrioko plataformako kideek mozio bat aurkeztu zuten, eta, ardura printzipioetan oinarrituta, 5Garen hedapena atzeratzea eskatu zuten. Horrez gainera, teknologia honek eragin ditzakeen kalteez ohartarazi zieten Elorrioko Udaleko kideei eta bilkurara bertaratu zirenei.

Plataformak aurkeztutako mozioa EH Bilduren eta Podemosen aldeko botoekin onartu zen, eta, hori horrela, Elorrioko Udalak honako konpromiso hauek hartu zituen: alde batetik, Elorrioko Udalak osasunaren, ingurumenaren eta klimaren ikuspegitik biobateragarriak eta jasangarriak diren telekomunikazioak zabaltzeko eskatuko dio Espainiako Gobernuari. Bestetik, 26 Ghz-ko maiztasun-bandaren inguruko ikerketa egitea eskatuko du, eta horrek osasunerako izan ditzakeen arriskuak zeintzuk diren jakin arte ez erabiltzeko eskatuko du.

Horrez gainera, udalak konpromisoa hartzen du eremu elektromagnetikoekiko esposizioa murrizteko neurriak hartzeko; baita informazio kanpainak ezartzeko eta ingurumenerako eta giza osasunerako arriskurik bako konektibitate mota berriei buruzko ikerketak egiteko ere, besteak beste

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!