Menpekotasuna duten pertsonak zaintzen dituztenei begirako ikastaroak antolatuko dituzte Elorrion

Anboto 2021ko ots. 18a, 10:25

Zainduz programaren barruan, aurrez aurreko tailerrak antolatuko ditu Durangaldeko Mankomunitateak Elorrioko kultur etxean.

Durangaldeko Mankomunitateak aurrez aurreko bi tailer antolatu ditu martxorako Elorrion Zaindu programaren barruan, menpekotasuna duten senideak zaintzen dituzten pertsonei laguntzeko eta orientazioa emateko. Jarduera, indarrean dauden segurtasun-neurri guztiak betez egingo da, eta aldez aurretik eman beharko da izena, martxoaren 1a baino lehen, 946030046 / 946200546 telefono-zenbakien bidez edo zaindu.mdurango@bizkaia.org helbide elektronikora idatziz.

Lehenengo tailerra menpekotasuna duen pertsona batekin izan beharreko komunikazioan oinarrituko da. Prestakuntza martxoaren 3an eta 10ean izango da, 16:30etik 18:00etara, Iturri Kultur Etxean. Bigarren jarduera zaintzei eta generoari buruzko bi saioko zikloa da, 17:30etik 19:00etara. Lehen saioan –martxoaren 15ean– Zainketek gizartean duten garrantziaz egingo da berba, eta bigarrenean –martxoaren 22an– erantzunkidetasunaren garrantzia azpimarratuko da. Ziklo hau jende guztiarentzat irekita dago, eta ez da beharrezkoa zaintzaile izatea.

Jarduera horiez gain, Zaindu programak etengabe ematen die laguntza psikologikoa eta banakako prestakuntza zaintzaileei beren udalerrietan. Zaindu laguntzara zuzendutako doako programa da, menpekotasuna duten pertsonak zaintzen dituzten familiei laguntza, arreta eta orientazioa emateko. Etxean menpekotasuna duten adinekoak zaintzen dituzten familien beharrei modu integralean heltzeko aukera ematen du. Programa Abadiño, Atxondo, Berriz, Durango, Elorrio, Garai, Iurreta, Izurtza, Mañaria, Otxandio eta Zaldibar udalerrietako zaintzaileei dago zuzenduta.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!