Gogotsu zaudete kontzertuetarako?
Gure zorionerako, harrigarria izan da erantzuna. Bagenekien jendea gogotsu zegoela eta aforoa mugatua izango zela, baina sarrerak salgai ipini eta ordu bira deitu ziguten Arriolatik, agortu egin zirela esateko. Pentsa! Bigarren emanaldia antolatu genuen, eta beste horrenbeste. Eta badakigu jendea itxaroten dabilela, ea arau aldaketekin sarrerarik libre geratzen den. Gu oso pozik gaude harreragaz. Urte arraroa izan da guretzat. 2020an kontzertu batzuk egitea aurreikusten genuen, baina ezin izan dugu bakar bat ere eskaini. Bat-batean aukera honek irten digu, herrian, etxean. Ba, bikain!
Arraroa, baina etxean eta etxekoekin.
Bai, arraroa arrazoi bikoitzagaitik. Osasun protokoloarengaitik jendea eserita eta elkarrengandik distantzia batera egongo delako, eta guretzat ere arraroa, hirukote lez publiko aurrean eskainiko dugun lehenengo kontzertua izango delako. Guretzat erronka bat da bigarren gitarra bat ez edukitzea zuzenekoetan, baina motibatuta gaude.
Martxa hartzen harrapatu zaituzte izurriteak.
2019an berriro hasi ginen elkartzen, lokalean, eta Hatortxu
Rockeko proposamena jaso genuen. Kontzertu hori itzela izan zen guretzat. Egundoko sentsazioa izan zen, ikusi genuelako jendeak sekulako gogoa zuela. Kontzertu horren ondoren, berriro elkartu eta zenbait aukera ipini genuen mahai gainean. 'Kata'-k taldea uztea erabaki zuen, lan kontuengaitik, eta gainerakook hirukote moduan jarraitzea erabaki genuen. 2020an kontzertu batzuk jotzea zen gure asmoa, udazkenean batez ere. Hurrengo pausoa estudiora joatea zen, disko berria grabatzera. Pandemiaren ondorioz, dena geratu behar izan genuen, baina, hala ere, otsailaren bigarren hamabostaldirako estudioa hartuta geneukanez, diskoa grabatuko dugu. Haritz Harreguygaz grabatuko dugu.
Hala ere, ez zarete geldirik egon.
Martxa hartzen genbiltzala harrapatu gintuen honek guzti honek, baina ez genuen geldirik egon gura, berriro hutsetik hasi behar ez izateko. Aukera izan dugun bakoitzean, edozein ekimen edo proposameni baiezkoa eman diogu. Itxialdian Bizitza vs kapitala abestia grabatu genuen, ahal izan genuen moduan eta bideo bategaz lagunduta; gero, Berbaroren Gazte Klak! ekimeneko streaming bidezko kontzertua eskaini genuen. Udan eta udazkenean ezin izan dugu kontzerturik eman, baina kantu berriak sortzeko, hitzak idazteko eta disko berria prestatzeko baliatu dugu denbora. Egokitze prozesu bat ere egin behar izan dugu, hirukote lez funtzionatzera ere ohitu behar dugulako. Horrez gainera, entsegu lokalak zabalik egon dira batzuetan, beste batzuetan ez... Dinamika iraunkor bat duzunean gatx da, baina errutina minimo bat hartzeko modurik ez dagonean, gatxagoa.
Diskoa grabatzera sartuko zarete aste honetan, beraz. Eta gero, zer?
Egia esan, eta zintzo esanda, ez daukagu ezer planeatuta. Gure ustez, disko baten grabaketa sostengatzen duena zuzenekoak dira; zuzenekoetarako sasoirik egokiena ez izatera, diskoa ateratzeko ere ez da. Oraingoz itxaron egingo dugu, zuzenean aurkezteko aukera hobeak egon bitartean.
Kantak prest ditugu eta grabatu egingo ditugu. Gero, ikusiko dugu. Ez dugu ohikoa dugun moduan egingo, disko luze bat kaleratu eta gero urte bian aurkezpen bira egin. Gu nahikoa klasikoak izan gara alde horretatik. Gogoa eta ilusioa ditugu eta disko berriak itxura polita du, gainera.