Elorrioko ostalariek ez dute terrazengatiko tasarik ordaindu beharko aurten

Ekaitz Herrera 2021ko ots. 12a, 13:51

Udalak ez du terrazagatiko tasarik kobratuko aurten. Horrez gainera, ostalaritza laguntzeko beste neurri batzuk ere aztertzen dabil.

Elorrioko udalbatzak terrazen kobrantza etetea erabaki zuen atzo egindako osoko bilkuran, aho batez. Neurri horregaz ostalaritzaren sektoreak bizi duen "egoera sozioekonomiko txarra" arintzen lagundu gura du udalak. "Gure mikroenpresak eta autonomoak izan dira sektorerik kaltetuenetakoak, eta horien barruan ostalaritzak etengabeko zigorra jasan duela esan daiteke. Udal honen helburua okerren dauden kolektiboei laguntzea da, kasu honetan ostalariei”, adierazi du Maria Herrero alkateordeak.

Terrazen tasak ez kobratzeaz gainera, bestelako neurri batzuk hartzea ere aztertzen dabil udala. Bestalde, orain arte hartutako beste neurri batzuk gogora ekarri ditu. Besteak beste 30.000 euro bideratu ditu erosketa-bonuen kanpainetara, 40.000 euro jarduera ixtea behartuta egon ziren merkatarientzat, 100.000 euro autonomoentzat eta mikroenpresentzat eta 46.500 ostalaritzari eta sukaldaritzari lotutako negozioentzat. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!