Iguria enpresari Elorrion gelditzeko "alternatiba erreal bat" eskaini ziola dio gobernu taldeak

Maialen Zuazubiskar 2021ko ots. 4a, 09:10

Asteon Elorrioko EAJk eta Herriaren Eskubideak gobernu taldeari leporatu diote Iguria S.A. enpresa Igorrera lekualdatzea.

Gobernu taldeak oposizioari erantzun dio. "Badirudi oposizioa ados jarri dela gu zerbaiten erantzule egin nahi izatearekin, baina gobernu talde honek aukera posibleak aztertu ditu, Iguria S.A.k Elorrion hazten jarrai dezan", azaldu dute Elorrioko Udaleko arduradunek.

Enpresari dagokionez, gobernu taldeak, enpresaren lekualdatzea "atsekabez" hartu du. Gobernu taldetik azaldu dutenez, enpresak lursail berri bat izateko benetako aukera baztertu ostean, erabaki du Igorrera lekualdatzea. "Hasieratik landu genuen gaia, aukera posibleak mahai gaineratuz. Enpresak aukera mahai gainean zuen eta aztertzekotan gelditu zen. Orain hilabete inguru beraiekin harremanetan jarri ginen eta beste herri batean aukera ona azaldu zitzailea eta lekuz aldatzea erabaki zutela esan ziguten", adierazi dute EH Bildukoek.

Gobernu taldearen hitzetan, aukera bideragarriena, egungo kokaleku berean handitzea zen. "Alternatiba erreala eta eraginkorra zen, baina HAPOaren aldaketa puntuala eskatzen zuen, eta badakigu horrek bere epeak eta denborak daramatzala eta ezin dela berehalakoa izan", esan du Idoia Buruaga alkateak. Gainera, edozein aholkularitza urbanistiko eta legal eskaintzeko prest azaldu zirela jakitera eman dute, prozesu osoa lehenbailehen martxan jartzeko. 

Bestalde, Idoia Buruaga alkateak "nazkatuta" dagoela esan du. "Nazkatuta nago oposizioak fake news bidez herritarrak desinformatzeko eta engainatzeko duen jarrerarekin. Prest nago edozein herritarri dena azaldu eta enpresarekin izandako hartu emanen berri emateko", bukatu du alkateak.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!