“Sexua bideratzen ari dela esango nuke, eta irekiagoa izan beharko litzateke”

Aritz Maldonado 2021ko urt. 30a, 10:30

Maddi Loiti elorriarrak 'Posible al da kea kateatzea?' liburua kaleratu du, bere kabuz. 'Zuk Zeuk Egin' filosofiari jarraituz, berak egin ditu bertan ageri diren marrazki, ariketa eta hausnarketak. Baina lanak badu bere izaera kolektiboa ere. Dozenaka lagunen esperientzia eta argazkiak ere ageri dira liburuan. 100 bat lagunen bizipenak batu ditu liburuko orrietan zehar, erotikara hurbiltzeaz gainera norbere buruagaz bizitzeko moduaz hausnartzeko.

Nondik dator liburua egiteko ideia?
Hezkuntza emozionala eta sexuala lantzen dituen ikastaro bat egin nuen. Bertako amaiera lanerako, galdetegi bat prestatu nuen eta hogeita hamahiru lagunek erantzun zuten. Gutxi iruditu zitzaizkidan hasieran, baina irakasleak ondo zegoela esan zidan, ez zela ohikoena hainbeste erantzun jasotzea. Emaitza politek irten zutenez, bigarren saiakera bat egitea pentsatu nuen, gehiago zabaltzeko; sare sozialak erabili nituen horretarako. Berrogeialdian alboratu egin nuen gaia, baina berriro ekin nion haren ondoren. Galdetegiagaz fanzine bat egitera animatu ninduen lagun batek, eta gero zer gehitu pentsatu nuen. Azkenean, poesia, marrazkiak, argazkiak eta hausnarketak batu ditut.

Ez nuen erotikagaz loturiko zerbait gura bakarrik. Gorputza lantzea ere gura nuen, potolofobiaren edo aurreiritzien gaiak. Nik prozesu bat bizi izan nuen gai horiek lantzen, eta horrek izugarri lagundu zidan; hortaz, liburuko ariketak nire lagunentzat egin nituen. Lagun taldean potentzia izugarria izan zuten, beharbada liburuan galdu egiten dena apurtxo bat, baina ekarpen hori egin gura nuen, ahal den neurrian jendeari laguntzeko. Liburuan deneriko iritziak batzen dira eta hori interesgarria da. Batzuentzat lotsagarria dena beste batzuentzat nazkagarria izan daiteke, edo harrigarria.

Liburua tresna bat dela esan daiteke, beraz.
Erosi duen jendeak komentatu du inguruan zabaltzeko asmoa duela. Eguneroko moduan erabili daiteke, edo marrazkiak egiteko. Hasieran, orri zuriak sartzea pentsatu nuen, jendeak idazteko. Liburuaren erabilera pertsonala dela esango nuke; hasieran, norberak lasai-lasai irakurri eta irakurri ahala prozesatu eta hausnartzen joatea da interesgarria, nire ustez. Horrela erabili dut nik behintzat. Lehenengo hogeita hamahiru bizipen horiek oso indartsuak iruditu zitzaizkidan, ez bakarrik kopuruagaitik; Internet bidezko galdetegia izan arren, oso anitza izan zen, adin kontuagaitik, besteak beste.

Berrogeialdiagaz eta pandemiagaz, igarri duzu aldaketarik sexualitatearen inguruan?
Nik egindako galdetegiak lehenagokoak dira. Fanzinea ere prest nuen aurretik, baina hausnarketetariko batzuk berrogeialdikoak dira. Sare sozialetan sexologo asko daude. Adibide bat jartzearren, topaketa erotikoetariko saio batean begirada motez aritu zen Mama Casquet. Benetan hori da erakutsi behar dena? Ez da garrantzitsuagoa alboko pertsona zelan tratatzen duzun, eta topaketa horretan pizten den konexioa? Alde batetik, ondo dago gaiari buruz berba egitea, baina ganoraz. Ikastaroan galderak birplanteatzen ikasi nuen, ez galderei erantzuten. Erantzunak emanez gero ikuspegia itxi egiten dela esango nuke, eta zabaltzea komeni da. Liburuan ere aipatzen dut, egun, arauaren kontra beste eredu batzuk ezarriz egiten ari dela. Sexua bideratzen ari dela esango nuke, eta nire ustez irekiagoa izan beharko litzateke.

Zergaitik fanzine estiloan? Ez da ohikoena garai hauetan.
Esango nuke bogan dagoela berriro, eta ondo datorkidan formatua da. Marrazkiak eskuz egin gura nituen, modu naturalean idatzi dut, eskuz pasarte asko... Sexologia zabala denez, ez nuen gura liburua modu itxi batean egin.

Baina autokritika ere egin behar dut, liburuak akats ortografiko batzuk ere baditu eta.

Hemendik aurrerako zeozer planteatu duzu?
Oraindino liburu honen ale batzuk geratzen zaizkit saltzeko, eta jaso dut aurkezpenen bat egiteko eskaintza ere. Bestela, ideia asko ditut buruan; hilekoari buruzko horrelako antzerako bat egitea pentsatu dut, adibidez, azkenaldian gaiari buruz asko irakurtzen aritu naiz eta. Baina oraindino ez dut erabakirik hartu.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!