Elorrioko lehenengo txintxaun inklusiboa jarriko du udalak Esteibarlandako jolasgunean. Udaletik azaldu dutenez, herritarrei eskariei erantzuten jarraitzea eta gizarteratzean, inklusioan, aurrera egiten jarraitzea dira lanen helburuak. "Elementu batekin hasi gara, baina etorkizuneko jarduketetarako, aniztasun funtzionalak dituzten umeen inklusioan, gizarteratzean, lagunduko duten elementuak integratzen jarraituko dugu", adierazi du Idoia Buruaga alkateak.
Horrez gain, Ibarrako jolasgunea ere berriztatuko dute, umeentzako espazioak hobetzen jarraitzeko. “Gure helburua umeen parkeak hobetzen jarraitzea da, umeek gozatzeko guneak sortuz. Gure asmoa hobekuntza horiek 2020an egitea zen, baina COVIDa eta egoera ekonomikoa dela eta, zuhurtziaz, urtearen amaierara arte itxarotea erabaki genuen. 2021ean, ditugun parke guztien analisia egiteaz eta horiek adin guztietarako egokitzeaz gain, umeentzako beste gune batzuk hobetzen jarraituko dugu, Nizeto Urkizu kalekoa, besteak beste”, esan du alkateak.
Behin lan hauek bukatuta, Nizeto Urkizuko jolasgunea atontzen hasiko direla jakitera eman dute udaletik. "Gune hori herritarrekin batera definitu gura da, zein adinera zuzenduko den erabakitzetik hasi eta jolasteko elementuak aukeratzetik jarraituz".