Ehungintzako protestak ardatz dituen 'Kotondarrak' Elorrion taularatuko dute

Anboto 2021ko urt. 17a, 10:00

Urte biko sortze prozesuaren ostean Anita Maravillas Zornotzako antzerki taldeak iazko irailean estreinatu zuen Kotondarrak. 16:00etan izango da emanaldia. 

Anita Maravillasen laugarren obra da Kotondarrak. Mende hasieran ehungintza industrian emakumeek egindako langile protestetan dago inspiratuta istorioa. "Kotondarrak ama bat eta bi alaba dira. Landa eremutik hiribururako bidaia egin duen familietako bat da, eta ahizpa bien begietatik egiten dugu kontaketa. Arrisku batetik ihes egiten ari direla beste zenbait arrisku eta abentura topatuko dituzte hirian", azaldu du Miren Larrea obrako zuzendariak. 

Titere-antzerkia familia osoarentzako ikuskizuna da. Izan ere, Anita Maravillasek propio sortu ditu "publiko txikiari kontzeptu helduak itzultzeko iruditegia, estetika eta antzerki kodea". "Azken finean, istorioek emozioen bidez bidaiatzen dute, eta emozioek ez dute adinik", gehitu dute Anita Maravillaseko kideek. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!