Beharra duten herritarrei laguntzeko elikagaiak bilduko dituzte asteburuan Elorrion

Anboto 2021ko urt. 13a, 09:49

Elorrioko Udalak eta Zaintza Sareak elikagaiak biltzeko kanpaina antolatu dute urtarrilaren 15 eta 16rako. Bilketako kutxak kanpainarekin bat egin duten establezimenduetan eta Herriko Plazan egongo dira.

"Pandemiak areagotu egin du egoera zaurgarrienean dauden pertsonen eta familien egoera larria, eta beraz, erantzuna ematen jarraitzeko eta konpromiso kolektiboa agertzeko unea da", adierazi du Elorrioko Udalak. Bilketa udalak eta Elorrioko Zaintza sareak antolatu dute. Urtarrilaren 15ean 10:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 20:00etara bilduko dituzte elikagaiak. Eta urtarrilaren 16an 10:00etatik 14:00etara.

Herritarrek elikagaiak 'bilketa-kutxetan' utzi ahal izango dituzte. Kutxa horiek kanpainarekin bat egin duten establezimenduetan egongo dira, baita herriko plazan ere. Antolatzaileek elikagai ez galkorrak jasoko dituztela azaldu dute. 

Biltzen diren elikagai guztiak behar handiena duten pertsonen eta familien artean banatuko ditu Kainabera elkarteak. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!