Elorrioko Zaintza Sarea boluntario bila dabil

Ekaitz Herrera 2020ko abe. 21a, 11:30

Etxeetara elikagaiak eta botikak irisarazteko boluntarioak, eta umeekin jarduerak euskaraz egiteko prest dauden herritarrak behar dituzte. Boluntarioek udaltzaingoagaz ipini beharko dute harremanetan, 946820218 telefonoan.

Udalak ohar batean zabaldu duenez, Elorrioko Zaintza Sarea boluntario bila dabil. Pandemiaren eraginez beharrizanak ugaritu direla ikusi dute eta herritarrei dei egin diete bertan inskribatzera. Bi zerrenda berrituko dituzte. Bata, elikagaiak eta botikak etxeetara irisarazteko zerrenda izango da. Gaur egun indarrean dagoen sarea da, aktibo dago, baina bertan izena emateko aukera zabaldu dute berriro ere.

Beste zerrenda, umeekin euskarazko jarduerak egiteko prest dauden herritarrekin osatuko dute. Azken puntu honi buruz, udalak azaldu du "eskolatik kanpo euskaraz bizitzeko aukerarik ez duten haur askoren egoera korapilatsua" atzeman dela, eta, beraz, "arrakala lingustikoa" areagotzen ari dela.

Zerrendetan izena eman gura duten boluntarioek udaltzaingoagaz ipini beharko dute harremanetan, 946820218 telefonoan.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!