Gaur Gabonetako egitaraua aurkezteko prentsaurrekoa eman du Elorrioko Udalak, eta bertan agertu dira Olentzero eta Mari Domingi. "Pozik gaude Gabonak heldu direlako, baina pena dugu umeekin ezingo garelako plazan egon", aitortu du Olentzerok. Hala ere, aurten ere herrira jaitsiko direla eta traktorez herria zeharkatuko dutela eta kalez kale ibiliko direla jakinarazi dute. "Elorriarrei etxeetan gelditzeko deia egiten diegu, balkoi eta leihoetatik agurtzeko", esan du Mari Domingik.
Julene Lazkano zinegotziak aurtengoa ez dela kalejira bat izango azpimarratu du. "Herritarrei etxean egoteko dei egiten diegu, bestela beraien bizitokitik gertuen dagoen lekuan egoteko", jarraitu du. Gabon Eguna baino lehen herritarrei egingo duten ibilbidearen berri emango diete. "Jende pilaketak saihestu behar ditugu. Aurten Olentzero eta Mari Domingi izango dira mugituko direnak", esan du zinegotziak. Maria Herrero alkateordeak "erantzukizunez jokatzeko" eskatu die herritarrei. "Gabonak bereziak dira herritar, dendari eta batez ere txikientzat. Poztasunez hartzen ditugu baina erantzukizunez jokatzeko sasoia da", jarraitu du Herrerok.
Bestalde, aurtengo Gabonetan Elorriok umeak "ez dituela alde batera utziko" esan du Lazkanok. Horregatik Arriolan 6 ekimenez osatutako egitaraua antolatu dute.