Herritarren ongizatea lehenesteko aurrekontuak onartu ditu Elorrioko Udalak

Anboto 2020ko abe. 11a, 18:00

Elorrioko Udalak 2021eko udal aurrekontuak onartu zituen atzo, EH Bilduren aldeko botoagaz. EAJ abstenitu egin zen eta Podemosek aurrekontuen kontra bozkatu zuen. Inbertsioak bigarren maila batean ipini, eta herritarren ongizatea lehenengo lerroan ipintzea erabaki dute.

Elorrioko Udalak 7.838.634 euroko aurrekontua onartu zuen atzo, 2020ko aurrekontua baino %14,11 baxuagoa dena. Hala ere, gizarte arlorako partida %65ean handitu dute. "Ziurgabetasun handiko egoeran, pandemiak elikatutako gizarte eta ekonomia arloko krisian, argi eta garbi izan dugu zein zen lehentasuna. Udalaren lehentasuna pertsonen ongizatea da. Elorrioko pertsonek eurren udalaren babesa izango dute beti, arlo pertsonalean eragin handia izaten ari den krisiari aurre egiteko eta behar den ahalegin guztia egingo dugu euren ongizatea bermatzeko", esan zuen Idoia Buruaga alkateak. 

Udalak gizarte arloko diru-laguntzak handitzeaz gain, diru-laguntzetarako lerro berriak sortzea aurreikusten du, merkataritzako edo ostalaritzako negozio berriak irekitzeko, edo erretiroagatiko erreleboak bultzatzeko, besteak beste. EH Bilduko zinegotzi guztiek 2021eko aurrekontuak egitea "erronka bat" izan direla eta bakoitzak bere arloan "ahalik eta gehien doitu" behar izan dituela azpimarratu zuten. Horrez gain, Elorrioko Udalak ez ditu aurrekontu parte-hartzaileak bultzatu, aurreko prozesuetan jasotako ideia batzuk ezin izan direlako oraindik burutu eta lehentasuna horiek gauzatzeari emango zaiolako.

EAJ abstenitu egin zen aurrekontuetan. "Aurrekontuei 11 zuzenketa egin dizkiogu eta ulertzen dugu gainera inbertsioek behera egitea. Balantza batean alde onak eta txarrak jarri ditugu, eta horregatik abstenitu egingo gara", adierazi zuen Mikel Arruabarrena EAJko zinegotziak. Agustin Fernandez Podemoseko zinegotzia, berriz, kritiko agertu zen aurrekontu parte-hartzailerik ez delako egongo. "Ez gaude aurrekontu sozialen kontra, baina bai aurrekontuak egiteko moduena", bukatu zuen Fernandezek.  

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!