Baina ipuin tradizionalean ageri diren beldurrezko elementuak umore eta kolore bihurtu dituzte Logelako kideek. "Obra koloretsua da, dibertigarria, eta ikusteko oso erraza, bizi dugun sasoi honetarako aproposa. Umeek gustuko izango dute, ziur", azaldu du Ander Garaizabal Logela Multimediako kideak; berak egingo ditu Barandiaranenak. Gaizka Chamizo eta Eneritz Garcia izango dira gainerako aktoreak. Imanol Garaizabal da zuzendaria.
Domekan izango da emanaldia, 16:00etan, Arriola antzokian. Hiru ordu laurdeneko iraupena du antzezlanak.
Laugarrena umeentzat
Logela Multimediak umeentzat egiten duen laugarren lana da Tartalo. "Sentsazio onekin gaude. Ibilbide luzea dugu, eta horrek esperientzia ematen du. Era honetako lanak egitea aukera polita da gure ikus-entzunezko hizkuntzak eszenara eramateko", esan dute taldekideek. Hain zuzen ere, lan berri hau erronka teknikoa ere izan da elorriarrentzat. "Bideokamara bat ipini dugu narratzailearen txokoan, eta zuzenean egiten duguna pantaila nagusian proiektatuko dugu. Irudiari beste geruza batzuk sartuko dizkiogu, eta zuzeneko eszenografia bat egin dezakegu horrela, bestelako narrazio modu bat. Lehenengo aldia da horrelako zerbait egiten duguna", gaineratu dute.
Alde teknikotik ez ezik, istorioa kontatzeko moduagaitik ere erronka bat izan da Tartalo Logelarentzat. "Ipuin tradizionalean egon daitezkeen beldurrezko elementuak kendu eta umorezkoengaitik ordezkatu ditugu", azpimarratu dute. Edorta Barruetabeña gidoilari durangarraren laguntza jaso dute horretarako. Lan hau hirutik zortzi urtera bitarteko umeentzat egin gura izan dute, beste adinetakoek ere gozatu ahalko duten arren. "Logela Multimediaren lanek badituzte berezitasun batzuk, ikus-entzunezko lengoaia berezi bat, interakzioa lantzen duena... gustatzen zaigu umeen aurrean horrelako lengoaia erabiltzea, magia berezi bat sortzen delako hor", nabarmendu du Ander Garaizabalek.
Bigarren geltokia, Berrizen
Domekakoa ez da izango Tartaloren eskualdeko emanaldi bakarra. Datorren barikuan, hilak 18, Berrizko Kultur Etxean egongo da ikusgai Logelaren azken lana. Beste emanaldi batzuk ere hitzartuta dituzte. Bizkaian Portugaleten, Barakaldon eta Galdakaon, eta Gipuzkoan Donostian eta Elgoibarren, besteak beste. "Ibilbidea egiten hasia beharko lukeen obra da, baina pozik gaude, azkenean emanaldi batzuk lotu ahal izan ditugulako", azaldu du Ander Garaizabalek.