Gure Artean, Elorrioko hiru artisau eta sortzaileren lanak plazaratu dituen denda

Maialen Zuazubiskar 2020ko abe. 5a, 11:15

Gabon sasoia oso garrantzitsua izaten da artisau eta sortzaile askorentzat, urteko sasoirik inportanteenetariko bat. Baina aurtengoa egoera berezia da, eta hori dela-eta Elorrioko hiru emakumek indarra batu eta Gure Artean denda zabaldu dute. "Azoketan saltzen ibiltzen gara, baina ikusita azokarik gehienak bertan behera geratzen dabiltzala, denda zabaltzea erabaki genuen. Horrela, denda honi eskerrak, gure lanak kalean daude eta elorriarrek herriko plazan aurkitu ditzakete", adierazi du Aurkene Pagalday sortzaileak.

Herriko plazako dendan, inpresio artistikoagaz egindako kamisetak eta poltsak, mineralekin egindako bitxiak eta zilarrezko bitxiak aurkitu daitezke. Agtz Prints, Eguzkilore artisautza eta Kenikakoek Gure Artean dendatik pasatzeko eta produktuak ikusteko gonbita egin diete herritarrei.

Abenduaren 17ra arte zabalik
Printzipioz, denda abuztuaren 17ra arte egongo da zabalik. Astelehenetik zapatura 10:00etatik 13:00etara eta 16:30etik 20:00etara. "Abenduaren 18tik 22ra, Eixuk Durangon antolatu duen Azokan egongo gara, eta hori dela-eta denda abenduaren 17ra arte izango dugu zabalik", jakinarazi du Pagaldayk. Hori da euren asmoa, hilaren 17ra arte izatea zabalik, baina gauzak ondo badoaz eta dendagaz pozik badaude aurrerago ere berriro zabaltzea baloratuko dutela azaldu dute.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!