Elorriok galdu barik zegoen Athletic ahaltsua menderatu du eta bigarren tokian dago orain futboleko Euskal Ligan

Joseba Derteano 2020ko aza. 27a, 13:00

Athletic taldeko jokalariak ez daude partiduak galtzera ohituta, baina joan zen asteburuan amore eman behar izan zuten Elorrion: 1-0. Defentsan gotor eta kontraerasoan zoli, elorriarrek partidu praktikoa eta eraginkorra jokatu zuten eta hiru puntuak batuta sailkapeneko bigarren tokian daude orain.

Athleticen eraso jokoari eusteko (16 gol aurreko partidu bietan) eta aurkariak baino arma xumeagoak zituela jakitun, Aitor Azpitarte entrenatzaileak posizio-jokoa planteatu zuen. Eutsi eta eutsi, eta baloia osten zutenetan, ziztada eman; horixe zen plana, eta bigarren zatian fruituak eman zituen. Nerea Gonzalezek hegaletik luze erdiratutako baloia errematatu eta partiduko gol bakarra sartu zuen Ainara Juaristik. 82. minutua zen eta Athleticek ez zuen kolpe horretatik errekuperatzeko astirik izan.

Garaipenak moral handia eman dio taldeari, Azpitarteren esanetan; are gehiago, lesioengaitik, ikasketen eraginez eta beste kontu batzuengaitik jokalariz urri dabiltzan sasoian. Hutsuneak betetzeko, bigarren taldeko hainbat jokalari lehenengo taldeagaz entrenatzen dabiltza, Bizkaiko ligak geldi daudela aprobetxatuta.

Aurtengoa liga arraroa da eta ez COVID-19aren eraginagaitik bakarrik. Euskal Ligako taldeak multzo bitan banatu dituzte: lehenengo laurak igoera fasera sailkatuko dira eta gainerakoak ez jaisteko borrokatuko dira. Multzorik gogorrenean, "mailari eustea" da Elorrioren helburua, baina "ezer baztertu barik", Azpitarte entrenatzaileak azaldu duenez.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!