'Gerra eta errepresioa Elorrion' ezkutatuta egon diren bizipenak jasotzen dituen liburua

Maialen Zuazubiskar 2020ko aza. 24a, 13:01

Elkartearen helburua 'Gerra eta errepresioa Elorrion. 1936-1945' liburua herriko eskoletan lantzea da, gazteei historia helarazteko. Bestalde, urte amaieratik aurrera Elorrioko Turismo bulegoan egongo da erosteko aukera.

2018an Laumunarrieta elkarteak eta Elorrioko Udalak memoria historikoaren beka aurkeztu zuten. Bekaren helburua ikerketa bat burutzea zen, frankismoaren lehenbiziko urteetan oinarritutakoa.

Asteon egin dute liburuaren aurkezpena, 'Gerra eta errepresioa Elorrion. 1936-1945'. Bertan izan dira Idoia Buruaga alkatea, Maria Herrero alkateordea, Mila Villa Laumunarrieta elkarteko kidea eta Mikel Diego historialariak. Iturri Kultur Etxean aurkeztutako liburuak 30 bat elorriarren testigantzak jasotzen ditu, eta orain arte isilean eta ezkutuan egon diren elorriarren bizipenak jasotzen ditu. "Giza eskubideen urraketak jasan dituzten pertsonei egia, erreparazioa eta justizia zor diegu. Eta hau egia argitaratzeko pauso bat da", azaldu zuen prentsaurrekoan Mikel Diego bilbotarrak.

Mila Villa Laumunarrietako kideak, berriz, eskerrak eman dizkie ikerketa hau kaleratzen lagundu duten guztiei. "Horrez gain, liburua irakurtzerakoan norbait minduta sentituko balitz zerbait ez dugulako kontatu, barkamena eskatzen diogu. Ez da izan testigantzak eskutatu gura ditugulako, testigantza horiek ez ditugulako jaso baizik", esan du Villak. Horregaitik herritarrei liburua irakurtzeko eta beraien gertukoren baten istoria topatzen ez badute elkartera edo udaletxera jotzeko deia egin die.

Bestalde, Elorrioko Udaleko kideek memoria berreskuratzeko lanean jarraituko dutela azaldu dute. "Orain arte istorio asko ahaztuak izan dira. Udalaren helburua hemendik aurrera ere Laumunarrieta elkarteagaz lanean jarraitzea da", adierazi du Idoia Buruaga alkateak. Maria Herrerok, berriz, aste honetan aurketuztako liburua ordaindu gabeko zorra dela aitortu du, "herriak bere historiaren zati batekin duen zorra".

Orain elkartearen helburua liburua herriko eskoletan lantzea da, Elorrioko gertakariak gazteei hurbiltzeko.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!