“Zergaitik ez itxaron proben emaitzei? Horiek dira ulertzen ez ditugun erabakiak"

Joseba Derteano 2020ko aza. 6a, 12:00

Elorrioko Parra taberna eta Sasikoa taldeek areto futboleko ligak hasi dituzte, talde erdi profesional moduan izendatuta daudelako. Talde erdi profesionalak? Irakurlea bezain harrituta geratu ziren eurak. ANBOTOk Unai Arregigaz (Elorrio, 1996) Elorrioko Buskantza-Parra taberna taldeko jokalariagaz hitz egin du. 

Zuek bazenekiten talde erdi profesional moduan sailkatuta zaudetela?
Ez, ez genekien. Gure fitxetan afizionatuak garela ipintzen du eta horixe ginela uste genuen. Guztiz seguru egon arte ez genuen fitxarik tramitatu, ez genuen-eta dirua alferrik gastatu gura. Federaziora deitu eta konfirmatu ziguten baietz, erdi profesionalak ginela eta liga hastekoa zela. Baina zertan gara erdiprofesionalak? Sarritan geure poltsikotik ipini behar dugu dirua eta. Taldeko whatsapp taldean makina bat komentario egon ziren horren inguruan. 

PCR edo bere antzeko probarik egiten duzue?
Areto-futboleko jokalarien elkarteak egindako presioari eskerrak, Euskadiko Federazioak hamabost egunean behin probak egiteko baliabideak emango dizkigu. Jokalarientzat baino ez dira. Entrenatzaileak eta delegatuak, esaterako, ez dira sartzen. Beraz, guk denontzat erosiko ditugu probak, eta, gainera, astean behin egiteko asmoa dugu. Ahalik eta segurtasunik handiena bermatzeko.

Gaur egungo egoera ikusita, liga hastearen aldekoak zarete?
Bizi dugun egoera ikusita, liga geldirik balego ez litzateke ezer gertatuko. Baina hasita dago eta gu ez gaude jokatzearen kontra. Gura duguna da segurtasun neurriak zorrotz zaintzea eta logika baten barruan eramatea. Adibide bat ipiniko dut: datorren astean egin ahalko ditugu hamabost egunean behin egin beharreko probak, lehenengokoak, baina liga hasita dago dagoeneko. Zergaitik ez itxaron proba guztietako emaitzak jakin arte? Horiek dira ulertzen ez ditugun  erabakiak.

Probak egiten dituzuenerako jardunaldi bi jokatuta egongo dira.
Bai. Joan zen asteburuan Pasaian jokatu genuen, intzidentzia tasagaitik eremu gorrian sartuta zegoen herri batean. Orduan, Elorrio ere eremu laranjan zegoen, eremu gorritik irten berri.

Zuen ardura helarazi duzue federaziora?
Bai, eta diote izena eman dugun unetik geuk erabaki dugula jokatzea. Errepikatu genien ez geundela jokatzearen kontra, segurtasuna zorrotz eramatearen alde baino. Joan ezik, isuna handia izango zela esan ziguten. Beraz, Pasaiako partiduari logikarik ikusten ez genion arren, jokatzera joan ginen.

Zelan joan zen partidua?
Bost jokalari baino ez ginen joan, atezainik barik. Imajinatu. 8-2 galdu, arratsaldea eman eta etxera buelta. Hala ere, nahikoa egin genuen, 16. minutura arte 1-2 irabazten joan ginen eta.

Zergaitik joan zineten hain jokalari gutxi?
Batzuk leisonatuta daude. Beste bik erabaki dute oraingoz ez jokatzea, bizi dugun egoera zein den ikusita eta euren negozioak edo ingurukoenak ez kaltetzeko. Erabaki guztiz ulergarriak eta errespetagarriak dira.

Zelan dago taldea? Aldaketa asko daude aurten?
Sasikoa taldetik Eloy Azpiri fitxatu dugu eta Aurrera Vitoriatik Mikel Aguado etorri da. Biak berriztarrak dira. Bigarren taldetik hiru jokalari igo dira: Josu Egidazu eta Iñigo Diaz elorriarrak eta Iraitz Arkarazo atxondarra. Azkenik, Markel Arruabarrena ere batu da taldera. Orain arte futbolean aritu da. B taldeagaz du fitxa, baina gugaz entrenatzen dabil, edozein unetan igotzeko prest egoteko.

Denboraldi berezi eta zoro honetan, posible da helburuak ipintzea?
Ez da erraza. Batek daki zein egoeratan egongo garen aste bi barru. Edo baten batek positibo ematen badu. Guk segurtasun neurriak betetzen jarraituko dugu: tenperatura hartzen, entrenamenduen ostean material guztia desinfektatzen… Hori guztia alde batera utzita, azken urteetako talderik konpletoena dugula esango nuke. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!