Herritarren ongizateari lehentasuna emateko aurrekontu partehartzaileak atzeratuko dituzte Elorrion

Maialen Zuazubiskar 2020ko aza. 3a, 13:44

Bizkaiko Foru Aldunditik datozen diru-sarreren murrizketa ikusita hartu dutela erabakia jakitera eman du Elorrioko Udalak. 

Elorrioko Udalak azaldu duenez, osasun krisiak eragina izango du udalaren aurrekontuetan, Aldunditik jasotzen dituzten diru-sarreretan murrizketak jasango dituzte, eta udalak guztira 1.249.304 euro gutxiago jasoko ditu.  Udalkutxatik, esaterako, 605.000 euro gutxiago jaso dituztela azaldu dute udaletik.

Hori kontuan hartuta gobernu taldeak aurrekontu partehartzaileen prozesua atzeratzea eta elorriarren ongizatea bilatuko duen gizarte aurrekontuaren alde egitea erabaki du. "Aurreikuspen ekonomikoek ez dute inbertsioetarako maniobra-tartetik uzten", azaldu dute udaleko kideek. 

“Aurrekontuen aurreikuspenak txarrak izan arren, herritarren ongizatea bermatzeko konpromisoa hartzen dugu, aurrekontu sozialei lehentasuna emanez eta inbertsioak aurrerago egiteko utziz. Egoera ikusita, ez zaigu ez egokiena ez zintzoena iruditzen aurrekontu parte hartzaileak egitea horien emaitzei aurre egin ezin badiegu. Egoerak hobera egiten badu eta iragarpenak hobetzen badira, egingo dugu, baina gure lehentasuna osasun krisiari aurre egitea da”, azaldu du Idoia Buruaga Elorrioko alkateak. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!