Abendutik irailera 465 bider erabili dute auzo-taxia elorriarrek

Maialen Zuazubiskar 2020ko aza. 3a, 10:17

Elorrioko Udalak jakitera eman duenez, 2019ko abendutik 2020ko irailera bitartean 465 bider erabili dute auzo-taxia elorriarrek; udalak modu positiboan baloratu du hori.

“Auzo-taxia herritar gehienen eguneroko jarduna errazten duen zerbitzua da. Hori dela eta, Elorrioko Udalak mantentzearen aldeko apustua egiten jarraitzen dugu, baina modu zuzen eta ekitatiboan. Zerbitzua elorriar guztientzat den arren, benetan behar dutenei lagundu gura die, adinekoei, desgaitasuna duten pertsonei eta diru-sarrera urriak dituzten familiei", adierazi du Maria Herrero alkateordeak.

Zerbitzua elorriar guztientzat eskuragarri dagoen arren, emandako diru-laguntzak eskatzaileen profilaren eta beharren arabera banatzen dira. Horrela, adinekoek, %33ko ezintasuna baino gehiago duten pertsonek, aldi baterako mugikortasun murriztua duten pertsonek eta errenta txikiagoak dituzten familia-nukleoek 2 euro ordaintzen dituzte egindako ibilbide bakoitzarengatik, eta udalak bidaiaren gainerako kostua ordaintzen du, 8 eurora arte, gehienez ere. Baldintza horietatik kanpo dauden pertsonek 5 euro ordaindu beharko dute ibilbide bakoitzeko, eta udalak gainerako 5 euroak ordainduko ditu.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!