Elorrioko Udalak, EME merkatarien elkartearekin batera, 'Elorrixon Dendarik Denda' bigarren kanpaina abiatu du

Anboto 2020ko urr. 29a, 14:03

2.569 bonu jaulkiko ditu, bakoitza 25 eurokoa, kanpaina honi atxikitako saltokien artean.

Martxan jarri da Elorrioko tokiko merkataritzan erostea sustatzera zuzendutako 'Elorrixon Dendarik Denda' izeneko bigarren kanpaina. Udalak 12.845 euro bideratuko ditu kanpaina horretara, 18 urtetik gorakoen artean Elorrioko merkataritza eta zerbitzu arloetako guneetan kontsumitzea bultzatzeko asmoz. 

Udalak 2.569 bonu jaulkiko ditu, bakoitza 25 eurokoa, kanpaina honi atxikitako saltokien artean. Bonu horiek lokalean trukatu ahal izango dira zuzenean, 2020ko azaroaren 1etik abenduaren 6ra arte, biak barne. Horrela, bonua erabiltzen duten 18 urtetik gorako elorriarrek %20 aurreztuko dute erosketak egiterakoan. Hau da, bonu bakoitzak 25 euroko balioa emango dio erosleari, eta 20 euro ordaindu beharko ditu. 

Horrela, bonuak zuzenean trukatuko dira establezimenduetan, betiere kontuan hartuta 18 urtetik gorako pertsona bakoitzak gehienez bi bonu erabili ahal izango dituela kanpaina osoan. Halaber, adierazi behar da bonuak ezin direla eskudirutan trukatu, eta itzulketaren bat eginez gero, establezimenduak erosketaren zenbateko osoko bale bat jaulki beharko du. Kanpainaren hasieran, diru-laguntzaren %60 emango zaie saltokiei, eta gainerako %40a kanpaina amaitzean banatuko da, beharrezko egiaztapenak egin ostean. 

Maria Herrero alkateordeak tokiko merkataritzaren garrantzia azpimarratu du: "Garai zailak dira sektorearentzat: pandemiaren ondorioak, kontsumo-ohituren aldaketak... Orain, inoiz baino gehiago, babesa emateko garaia da".

 
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!