Jon Azkarraga elorriarrak irabazi du Arrazolako pala txapelketa

Anboto 2020ko urr. 25a, 09:40

Arrazolako pala txapelketak garaile berriak ditu. Lehen eta bigarren kategorietako finalak jokatu zituzten atzo.

Jon Azkarraga elorriarrak irabazi zuen lehen mailako kategoria, Egoitz Axpe atxondarrari 25-20 irabazita. Partida gogorra izan zen, haizeteak baldintzaturikoa. Bigarren kategoriako finalean Gorka Larrañaga eta Oier Ortuoste atxondarrak lehiatu ziren. Larrañagak eskuratu zuen garaipena, 25-18. Hirugarren kategoriako finala jokatu barik dago oraindik. Xabat Lizundia atxondarra eta Iker Carrasco elorriarra lehiatuko direla aurreratu dute antolatzaileek.

Ekainaren 1ean hasi zen Arrazolako pala txapelketa. 44 jokalarik eman zuten izena. Txapelketa antolatzen duten zortzigarren aldia da. Finalak iraileko asteburu batean jokatzekoak ziren hasiera batean, baina asteburu honetara mugitu behar izan dituzte euriagatik.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!