Egungo zaintza-ereduari eta sistemari buruzko ikerketa egingo du Elorrioko Udalak

Maialen Zuazubiskar 2020ko urr. 22a, 13:28

Gaur goizean emandako prentsaurrekoan Errotik Kooperatiba Feministak egingo duen ikerketa aurkeztu dute Elorrioko Iturri Kultur Etxean. Aurkezpenean Maria Herrero alkateordeak, Alazne Mendizabal zinegotziak eta Gisela Bianchi Errotikeko kideak parte hartu dute. 

Egungo zaintza-sistemak Elorrioko biztanleariaren osasun emozionalean eta egoera sozioekonomikoan duen eragina aztertu asmoz ikerketa bat abiatu du Elorrioko Udalak. 8.000 euroko aurrekontua duen ikerketaren emaitzak datorren urte hasierarako izatea aurreikusten dute. Ikerketa honekin, beharrak detektatuta hobetzeko ideak jaso gura dituzte, zaintza eredu propio bat sortu ahal izateko. 

"Udal moduan, beharrezkoa iruditzen zaigu horrelako ikerketak bultzatzea; izan ere, gustatzen ez zaigun errealitatea aldatzeko, guztiz bidegabea iruditzen zaiguna, beharrezkoa da errealitate hori ezagutzea", azaldu du Maria Herrero alkateordeak. "Proiektu honekin bizitza eta zaintza erdigunean ipintzen ditugu eta guretzat hori oso garrantzitsua da", jarraitu du Alazne Mendizabal zinegotziak. 

Ikerketaren metodologia
Ikerketa metodologia kuantitatibo eta kualitatiboak erabiliz egingo da, ikuspegi feministarekin. Errotikeko Gisela Bianchik azaldu duenez, diagnostikoa egiteko galdetegiak, eztabaida saioak eta adituekin online saioak egingo dituzte, besteak beste. 

Bianchiren hitzetan emaitzak "erabakigarriak" izango dira, honekin "zuzenean" jakingo baita zein alderdi sozial eta ekonomikok duten eragina zaintza sisteman. "Hainbat txostenek diotenez, COVID-19aren ondoriozko osasun-krisiak markatutako egungo testuinguruan, lan-banaketa eta lan-kargen desoreka areagotu da eta eragin negatiboa izan du, batez ere, emakumeengan” jarraitu du Errotikeko kideak. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!