Familia ugariei zuzendutako diru partidarako 3.500 euro bideratu ditu Elorrioko Udalak. Laguntzaren helburua, familia hauetako seme-alabek udalak antolatzen dituen kultura, gizarte, ekonomia, kirol edo aisialdi arloetako jardueretan parte hartzea da. Interesa dutenek azaroaren 30a baino lehen aurkeztu beharko dute eskaria HAZen.
Eskola kiroleko laguntzarako, berriz, 1.000 euroko partida onartu dute. Udalaren hitzetan laguntza honek helburu bikoitza izango du. Alde batetik, umeen eta euren familien partaidetza sustatzea, kolektibo guztien partaidetza indartzeko eta gizarte kohesioa bultzatzeko. Eta, bestetik, egoera ekonomiko zaila jasaten ari diren familiak eta adingabeak gizartean baztertuta geratzea saihestea. Laguntza hau azaroaren 15era arte eskatu ahal izango da. Eskaria udaletxeko erregistro orokorrean egin beharko da.