85 elorriarrek egin dute bat '30 egun bizikletan' erronkagaz

Maialen Zuazubiskar 2020ko urr. 7a, 11:02

Erronka 28 herritarrek osatu dute eta guztira 4.632 kilometro egin dituzte. 

'30 Egun Bizikletan' ekimenak harrera ona izan du elorriarren artean. Guztira, 85 pertsonak egin dute bat mugikortasun jasangarria eta osasungarria bultzatzea helburu duen erronkarekin. Udaletik jakitera eman dutenez, erronka 28 herritarrek osatu dute eta Elorrioko Udalak horien artean egin du bizikletaren zozketa. 

"Elorriok beste behin ere erakutsi du ingurumenarekiko konpromisoa eta elkartasuna erakusten duen udalerria dela, eta berretsi du aurrera egin dezakegula bizikleta ohiko garraiobide gisa bultzatzeko eta sustatzeko. Oraindik badugu bidea egiteko, baina Elorrioko Udalak, etorkizunean burutuko dituen ekitaldi edo urbanizazioetan, oinezkoentzat espaloiak zabaldu, bidegorriak saretzen jarraitu eta bizikletentzako edo patineteentzako bide espezifikoak zabaltzearen aldeko apustua egiten jarraituko du, eta, aldi berean, oztopo arkitektonikoak ezabatzen jarraituko dugu Elorrio irisgarriagoa eta jasangarriagoa bihurtzeko", azaldu du Idoia Buruaga alkateak.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!