Elorrioko gobernu taldeak 2021eko tasak eta zergak izoztea proposatu du

Maialen Zuazubiskar 2020ko urr. 6a, 12:07

Elorrioko Udaleko gobernu taldeak 2021eko tasa eta zerga guztiak izoztea proposatuko duela ezagutzera eman du. Udaletik azaldu dutenez,hurrengo osoko bilkuran eztabaidatuko den proposamenaren asmoa elorriarrei egungo osasun egoeran laguntzeko asmoz hartu da. 

Udaletik azaldu dutenez, osasun krisiak ekonomian eta gizartean eragin duen egoeraz jabetuta, herritarren ongizateari lehentasuna eman gura diote, tasak eta zergak igotzeak ekarriko lukeen gastu gehigarria arinduz.

“Egungo osasun krisiak eta ekarri dituen ondorio ekonomiko eta sozialak kontuan hartuta, argi geneukan ez genuela zerga eta tasetan igoerarik aplikatuko, nahiz eta horrek udal kutxetan diru gutxiago biltzea ekarri. Une honetan, badakigu edozein keinu, txikiena izanda ere oso garrantzitsua dela, eta gobernu-talde honen helburua elorriarrei laguntzen jarraitzea izango da", esan du Idoia Buruaga alkateak.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!