Elorrio biziberritzen plan integralaren barruan kanpaina berri bat martxan jarri du Elorrioko Udalak, Gazte-Bonoak. Urriaren 1ean martxan jarriko den ekimenak, herriko egitura ekonomikoa indartzea eta gazteei herriko komertzio txikiak hurbiltzea du helburu. "Komertzio eta saltokiak ezinbestekoak dira herrian. herriari bizia ematen diote. Beraz, gure helburua gazteei saltokiak gerturatzea dira", azaldu du Idoia Buruaga alkateak gaur goizean emandako prentsaurrekoan. Gainera, Elorrion martxan jarriko den kanpaina eskualdean "aitzindaria" dela esan du. "Durangaldean Elorrio lehen udalarria da horrelako kanpaina bat martxan jartzen duena", jarraitu zuen alkateak.
18 eta 29 urte artekoak
Hori horrela datozen egunetan 1991 eta 2002 urte artean jaiotako 810 gaztek beraien etxean 10 euroko bono bana jasoko dute, eta herriko saltoki txikietan eta jatetxeetan 12 eurotik gorako erosketak egiteko erabili ahal izango dute, bonoak ezingo dira tabakoa edo alkohola erosteko erabili. Behin erosketa eginda bonoa eta tiketa Iturri Kultur Etxean edo Herritarren Arreta Zerbitzuan aurkeztu beharko dute. Ondoren, udalak ordainketa egingo die.
10.000 euroko eragina
Kanpaina "aintzindari honekin" udalak Elorrion gutxienez 10.000 euroko eragin ekonomikoa izatea aurreikusten duela azaldu du Buruagak. "Hala ere, kopuru hori elorriar gazteek establezimendu bakoitzean kontsumitzen duten kopuruaren araberakoa izango da", bukatu du alkateak.