Datozen hilabeteetan parke berria egongo da Elorrion, Montorra parkea

Maialen Zuazubiskar 2020ko ira. 22a, 13:35

Buzkantz kalearen aurrean dagoen  gunean lanak egiten hasi dira, eta horrela datozen hilabeteotan Elorriok beste parke bat izango du, Montorra parkea. Udaletik jakitera eman dutenez, gune horrek 12.000 metro karratu baino gehiago izango ditu eta horrekin "urteetan lortu gura zuten egitasmoa" errealitate bihurtuko da.

Lanen lehenengo fasea joan zen astetik martxan dago. Lehen fasean hainbat bidexka izango dituen gune berde handia egokituko dute. Baita txakurrak ibiltzeko gune librea ere.  Horretarako 178.500 euro bideratuko dituzte.

Udaletik nabarmendu dute, proiektu hau gauzatzen denean, Montorra parkea Elorriko erdiguneko berdegune handiena bilakatuko dela, herritarren "eskari historikoari" erantzunez.

Hala ere, Elorrioko Udaleko kideek onartu dute, hasierako planak atzeratu egin direla, URAk eman beharreko baimena "uste baino beranduago" heldu delako.  Idoia Buruagaren hitzetan, "ezin izan dugu oraindik burutu, URAren baimenaren zain egon garelako, baina obrak hasita daude, eta hilabete gutxi barru, Elorriok erdialdean izango duen espazio publiko natural handienaz gozatzeko aukera izango dugu".

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!