Pandemiaren eraginez bertan behera utzi behar izandako kirol jarduerak berreskuratzeari ekin dio Elorrioko Udalak. Astelehenean berrekingo diete klaseei eta ikastaroei, beharrezko babes neurriak hartuta. Osasun krisia baino lehen kiroldegian abonatuak ziren herritarrek debalde jarraitu ahalko dituzte ikastaroak, irailean zehar. Bestalde, udalak jakinarazi du kiroldegiko edukiera beteko balitz, bertan egoteko lehentasuna abonatuek izango dutela.
“Udaletik, gure asmoa ariketa fisikoaren eskaintza berreskuratzeko pausoak ematen jarraitzea izango da, baina segurtasunez egin behar dugu eta, horretarako, momentuz behintzat, jardueren edukiera eta ordutegiak egokitu behar izan ditugu. Asteak igaroahala, eskaintza zelan zabaldu aztertzen joango gara”, azaldu du Dani Palacios kirol zinegotziak.
Astelehenean martxan ipiniko direnak
Astelehenean honako aktibitate hauek ipiniko dira martxan: Total Training, Body jump, hirugarren adinerako gimnasia, hipopresiboak, igeriketa, aquagym, GAP, TBC, mantentzea, cycling eta strong training.
Ordutegiak eta plaza kopuruak ezagutzeko, 94 682 10 27 telefonora edo edoelorriokiroldegia@gmail.com helbide elektronikora jo behar da.