Emakumeen memoria 1937, gerra garaian emakumeek bizi zutena lau haizetara zabaldu gura duen liburua

Maialen Zuazubiskar 2020ko ira. 9a, 14:58

Gerra garaian emakumeek bizi izan zutena plazaratu asmoz Aiert Zubigarai elorriarrak 'Emakumeon Memoria 1937' liburua kaleratu du. 

Aiert Zubigarai (3izkai) gidoilari eta komikigileak 'Emakumeon Memoria 1937' liburua kaleratu berri du hainbat elkarte, historialari eta  adituren laguntzarekin. Elorriarrak gaur eguerdian Aldatsekuan aurkeztu duen lana aurrelan bat da, 2022rako kaleratu gura duen 'Emakumeon memoria 1937, Intxortatik Artxandara' komikiaren aurrelana. Artistaren hitzetan ekimenaren asmoa gerra garaian emakumeek izan zuten papera ezagutzera ematea da. "Lanaren asmoa emakumeek zer bizi izan zuten aditzera ematea da". 

Emakumeon memoria 1937 liburua Zubigaraik 2022rako kaleratu gura duen komikiaren aurrelana da, eta bertan besteak beste komikian agertuko den Elgetako pasartea ageri da. 

Elorriarrak jakitera eman duenez komikiak 120 orri inguru izango ditu eta herri ezberdinetako pasarteak jasoko ditu. Kapitulu bakoitza herri bati eskaini dio, baita protagonista bati ere. Protagonistak fikziozkoak diren arren, garai hartako emakumeen bizipenetan daude oinarrituta. Liburuan agertuko diren herriak Elorrio, Durango, Elgeta eta Eibar dira, besteak beste.

Aurkezpenean Zubigaraik eskerrak eman dizkie lana aurrera ateratzen lagundu dieten guztiei. "Elkarte eta adituen laguntza ezinbestekoa izan da. Beraiengatik izango ez balitz ezinezkoa izango litzateke hau aurrera ateratzea", esan du elorriarrak.

Liburua eskuragarri
Liburua Euskal Herriko hainbat liburutegitan egongo da eskuragarri. Eskualdean esaterako Elorrioko prentsa denda eta estankoan, eta baita, Durangoko Hitz eta Urrike liburu-dendetan. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!