Zer dela-eta hasi zinen bitxiak egiten?
Betidanik erakarri nau bitxigintzak. Zilarragaz hasi aurretik, makrameagaz eta feltroagaz egiten nituen eskumuturrekoak, gantxoak, lepokoak... Zaletasuna nuen eta egindako lanak azoketan saltzen hasi nintzen. Asko gustatzen zait azoketan sortzen den giroa, bezeroagaz dugun hartu-eman zuzena.
Eta afizioa ogibide bihurtu zenuen.
Hala da. Ez da erraza, nik eramaten dudalako dena. Lan handia eskatzen du, baina gustura egiten dut.
Eskuz egiten dituzu bitxiak, eta prozesu osoa zeuk egiten duzu.
Bai, laban granaila desegin ondoren, zilar xaflak eta lingoteak egiten ditut bitxia sortzeko, gero behar dudan neurrira moldatzeko. Orain arte zilarra baino ez dut erabili nik sortutako bitxietan, akabera desberdinekin: zilarrari itxura beltza emanez, zilarragaz batera ebanoa ere erabili dut... Baina konfinamenduaren ondoren sortutako ‘Bizi’ kolekzioan kolorea sartu dut; gogoa nuen bitxietan kolore apur bat sartzeko. Enkargu bereziak egiten ditudanean, diseinua bezeroagaz adosten dut, elkarregaz lantzen dugu ideia. Ikasketa prozesu etengabea da bitxigintza, proba asko egin ondoren sortzen ditut kolekzioak.
Zer sentitzen da norberak sortutako bitxiak kalean ikustean?
Satisfazioa. Poza ematen du jendeak norberak egindako lanari balioa ematen diola ikusteak, are gehiago kontsumoa nagusi den sasoi honetan. Onartu behar dut atentzioa ematen didala zuk sortutako bitxia inork daramala ikusteak.
Zerk du arrakastarik gehien?
Belarritakoek, dudarik barik. Hala ere, eraztunak eta lepokoak ere egiten ditut. Eskumuturrekoak gutxiago.
Zerk inspiratzen zaitu?
Edozein tokitan topatu nezake inspirazioa. Nire diseinuak nahiko geometrikoak dira, neure modukoak.
Zein bitxi mota gustatzen zaizu zuri?
Neuk egindakoak (barrez).
Zelan definituko zenuke zeure estiloa?
Egunerokoan erabiltzeko diren bitxiak sortzen ditut, erosoak eta forma geometrikodunak. Artisautza, eskuz egindako lana, baloratzen duenarentzat sortutako bitxiak egiten ditut.
Zein da epe labur-ertainerako duzun erronka?
Eixu elkartearen bitartez azoka gehiago antolatzea. COVID-19ak sortutako pandemiaren eraginez, herri askotan bertan behera utzi dituzte azokak, eta nik azoketan saltzen dut gehien. Azken hile hauetan bitxiak sortzen ibili naiz, produzitzen, lana aurreratzen azokak antolatzen direnerako, eta gogotsu nago azoketan sortzen den giroaz gozatzeko. Jendea gogoz dago azoketara joateko, eta artisauok ere gogotsu gaude geure lanak plazaratzeko. Egoera berezia bizi dugu, baina Euskal Herrian azoka asko antolatzen dira herriko jaien bueltan. Zortedunak gara. Izan ere, artisautzan jarraitzeko bultzada ematen du horrek.
Baikor zaude?
Bai, eta gogotsu nago lanerako eta azokak antolatzeko. Hala ere, ikusi egin behar zelan doan dena. Durangoko Azokaren bueltan artisau alternatiboa antolatu dugu azken lau urteetan, Andra Mariko elizpean. Ea aurten. Gabonak ere sasoi ona dira salmentarako.