Aurten Ferixa Nausikorik ez dela egongo eta "arduraz jokatzeko" deia egin diete Elorrioko Udaletik herritarrei

Maialen Zuazubiskar 2020ko ira. 3a, 09:17

Inguruko herrietako bizilagunei irailaren 5etik 13ra bitartean Elorriora ez joateko eskatu die udalak. 

Ferixa Nausikoak iraileko lehenengo asteburuan ospatu ohi dira. Baina COVID-19aren gaitza hedatu denetik, Euskal Herrian ez da jairik ospatu ohi den moduan, eta Elorriokoak ere bertan behera uztea erabaki zuten. Erabakia udalak eta herriko eragileek aho batez hartutakoa izan zen. Julene Lazkano kultura eta gazteria zinegotziaren hitzetan, "zentzuz eta arduraz jokatzeko sasoia da hau".

Jairik egongo ez den arren, koronabirus sasoian sortu den ez-jaien kontuak kezka eragiten du gizartean. Horiei eta jende pilaketei aurre egiteko asmoz, Elorrioko Udalak zenbait neurri hartu ditu. Idoia Buruaga Elorrioko alkateak ANBOTOri azaldu dionez, udaltzaingoak lanketa bat egin du herriko tabernekin batera eta kontuan hartuta Elorrion gauez udaltzainik ez dabilela, Ertzaintzagaz berba egingo dute. "Kontuan hartuta Ertzaintzak asteburuetan jarraipena egiten duela, eurekin berba egingo dugu eta mesedez eskatuko diegu berez jaiak izango ziren asteburu horietan jarraipen berezia egiteko", aitortu du Buruagak. Horrez gainera, udaletik kontzientziazio kanpaina bat egin dutela esan du, orokorrean egunerokoan arduraz jokatzeko.

Bestalde, Niko Moreno Portalekuko arduradunak esan du eurek ere badutela ardura, baina deseskalatzea hasi zenetik beti arduratsu jokatu dutela. "Orain badakigu zer datorkigun, asteburua, eguraldi ona eta oporrak amaitu berri. Badugu ardura, baina ardura denontzat da eta kontziente gara momentu zailak biziko ditugula. Baina tabernariok ordutegiak beteko ditugu, orain arteko moduan. Hori bai, arazoak egotekotan tabernak itxi eta gero egongo direla esango nuke", amaitu du Morenok.

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!