Elorrion kiroldegiko ordutegia zabalduko dute datorren astelehenetik aurrera

Anboto 2020ko abu. 12a, 13:24

Abuztuaren 17an Elorrioko kiroldegiko igerilekua eta fitness gela zabalduko dituzte berriro, apurka-apurka, ohiko funtzionamendura itzultzen joateko, udalak ohar batean informatu duenez.

Aurrerantzean, kiroldegiko igerilekua ez da erabilgarri egongo kanpoko igerilekuetako abonatuentzat asteburuetan eta astelehenetik ostiralera bitarteko arratsaldeetan orain arte bezala, eta kiroldegiko abonatuek erabili ahal izango dituzte instalazioak, nahiz eta, oraingoz, instalazioko gainerako kantxak erabiltzerik izan ez.

Ordutegia

Instalazioak 08:00etatik 15:15era, eta 16:30etik 22:00ra egongo dira zabalik astelehenetik ostiralera; 08:00etatik 15:15era eta 16:30etik 20:00etara larunbatetan, eta 08:00etatik 14:00etara igande eta jaiegunetan.

Hitzordua

COVID-19aren ondorioz hartu beharreko neurriak direla eta, instalazioetara joateko hitzordua hartu beharko da, eta jende kopurua mugatua izango da. Aldez aurreko hitzordua (elorrio.miclubonline.net) App-aren bidez edo kiroldegira deituz (94 682 10 27) hartu ahal izango da, gehienez ere 24 ordu lehenago.

Horren ildoan, kiroldegiko igerilekua eta fitness gela erabili nahi duten abonatuek erabilgarri dauden txandetako bat gorde beharko dute. Txanda horiek ordubetekoak izango dira. Txanda gordetakoan, edozein unetan joan ahal izango dira instalazioetara, baina ordua igarotakoan instalazioetatik irten beharko dute, nahi eta nahi ez.

Abonatuta ez dauden pertsonek telefonoz egin beharko dute erreserba.

Igerilekuan 8 pertsona ibili ahal izango dira, gehienez, txanda bakoitzean, eta fitness gelan, 12.

Makinen erabilera mugatua

Fitness gelan mugatuta dago makinen erabilera, segurtasun-tartea zaindu ahal izateko. Gainera, toalla erabili beharko da nahitaez, eta erabili dituzten makinak garbitzen lagundu beharko dute erabiltzaileek.

Igerilekuaren erabiltzaileek aldagelak erabili ahal izango dituzte (dutxak ez), baina gimnasioaren erabiltzaileek ez; beraz, etxetik etorri beharko dute prestatuta.

15:15etik 16:30era instalazioa itxi egingo da garbitu eta desinfekzio lanak egin ahal izateko.

App-aren gakoa nola lortu

Kiroldegiko abonatuek kiroldegiko datu-basean helbide elektronikoa emanda badute, App-an sartu eta “pasahitza gogoratu” sakatu besterik ez dute egin behar. Bertan, helbide elektronikoa idatzi eta programak berehala emango die pasahitza. Erabiltzaile izena pertsona bakoitzaren bazkide zenbakia da.

Diru-itzulketa

Iraileko lehenengo hamabostaldian egingo da urteko abonuen zati proportzionalaren (martxoaren 13tik abuztuaren 17ra) diru-itzulketa.

Urteko abonuaren ordainketa helbideratuta dutenek bankuko kontuan zuzenean jasoko dute itzulketa, inolako eskaerarik egin behar izan gabe; gainerakoek, aldiz, eskaera egin eta euren kontu zenbakia eman beharko dute. Itzulketa eskatzeko inprimakia kiroldegian bertan eska daiteke, edo, bestela, Elorrioko Udalaren webgunetik bertatik deskargatu. Diru-itzulketa eskatzeko epea irailaren 4an amaituko da.

Maskara nahitaez erabili behar da

Aurreko guztiaz gain, gogoan izan behar da erabiltzaile guztiek nahitaez erabili beharko dutela maskara une oro, ariketa fisikoa egiten ari direnean izan ezik.

Hala ere, edozein zalantzaren aurreran, bertako arduradunei galdetu, nola jokatu jakiteko.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!