Elorrioko Ferixa Nausikoak bertan behera utzi dituzte

Maialen Zuazubiskar 2020ko uzt. 21a, 11:05

Elorrioko Udalak eta herriko eragileek aho batez adostu dute Ferixa Nausikoak bertan behera uztea. Hasiera batean ekitaldi xume batzuk egitea zuten aurreikusita, baina pauso bat atzera egin eta dena bertan behera uztea erabaki dute inguruko herrietan ematen ari diren berragerpenak direla-eta. Horren ordez ekitaldi kulturalak indartuko dituzte.

"Zentzuz eta arduraz jokatzeko unea" dela adierazi du Julene Lazkano kultura eta gazteria zinegotziak, gaur goizean Elorrion egindako agerraldian. Ferixa Nausikoak ekitaldi xume batzuekin antolatzekoak ziren aurten, baina ekitaldirik txikiena ere bertan behera uztea erabaki dute. "Jai berezi batzuk antolatzeko apustua egin genuen. Oztopoak oztopo aurrera ateratzea gura genuen. Eta horregaitik kartel lehiaketa ere martxan ipini genuen", azaldu du Lazkanok. Azken egunotan Euskal Herriko hainbat herritan ematen ari diren koronabirus berragerpenak direla-eta baina, pauso bat atzera egin eta guztia bertan behera utzi dute, aho batez. 

"Jendeak ilusioa du herriko jaiengatik, baina gauden egoeran egonda, osasunaren aldeko apustua egin behar da" azaldu Agustin Fernandez Herriaren Eskubidea taldeko zinegotziak.

Jaien ordez, Kultur zopa

Jairik ez egoteak ez du esan gura elorriarrak esku hutsik geratuko direnik. Udal ordezkariek azaldu dutenez, 'Kultur zopa' antolatuko dute, askotariko ekitaldi kulturalekin osatutako egitaraua. Irailean, urrian eta azaroan egingo dituzte ekitaldiak. Ferixa Nausikoak iragartzekoa zen kartela baliatuko dute Kultur zoparen irudi lez. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!