Astelehenean zabalduko dituzte Elorrioko Kiroldegiko igerilekua eta fitness gela

Maialen Zuazubiskar 2020ko uzt. 17a, 12:59

Udaletik jakitera eman dutenez aurrez hitzordua hartzea derrigorrezkoa izango da. Hitzordua App baten bitartez edo kiroldegira deituta hartu beharko da. Gainera, instalazioetan maskara erabiltzea derrigorrezkoa izango dela azaldu dute. Kirola egiterako orduan bakarrik kendu ahal izango da. 

Astelehean zabalduko dituzte Elorrioko kiroldegiko igerilekua eta fitness gela. Udaletik jakitera eman dutenez, astelehenetik ostiralera 8:00etatik 15:00etara egongo dira irekita eta txanda hartzea beharrezkoa izango da. Gainera, txanda bakoitza ordubetekoa izango dela aurreratu dute. Beraz, behin txandako ordu hori igarota erabiltzaileak kiroldegitik irten beharko du. Hitzordua hartu gura dutenek, (elorrio.miclubonline.net) App-aren bidez edo kiroldegira deituta (94 682 10 27) egin beharko dute, gehienez ere 24 ordu lehenago.

Erabilera mugatua
Bestalde, udaletik jakitera eman dute igerilekuan guztira 8 pertsona egon ahal izango direla txanda bakoitzean, eta fitness gelan 15. Fitness gelan mugatuta egongo da makinen erabilera, segurtasun-tartea zaindu ahal izateko. Eta gainera, toalla erabiltzea derrigorrezkoa izango da. Gimnasioko erabiltzaileek, berriz, ezingo dituzte aldagelak erabili. Igerilekuetakoak bai, baina dutxarik ez. 

Horrez gain, kiroldegiak erabilera mugatu hau duen bitartean,  instalazioa itxita balego bezala zenbatuko dela jakitera eman dute, eta urteko abonuetan diru-itzulketak egingo direla esan dute. 

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!