Elorrioko airearen kalitatea hoberantz doala jakitera eman du udalak

Maialen Zuazubiskar 2020ko uzt. 10a, 10:04

Elorrioko Udalak prentsa ohar bidez jakitera eman duenez, 2017tik hona airearen kalitateak hobera egin du, eta hartu dituzten neurri zuzentzaileek "emaitza onak" eman dituzte. 

Udalerriko airearen kalitatearekin "arduratuta" eta fundizio-enpresetatik gertu bizi ziren herritarren eskaerei erantzunez, 2017an Elorrioko Udalak airearen kalitatea neurtzeko gailuak jartzeko eskatu zion udalak Eusko Jaurlaritzari. Aldi berean, udaleko ingurumen teknikariak eta gobernu taldeak hainbat bilera egin zituzten enpresetako arduradunekin, akatsak zuzendu eta elkarbizitza hobetzeko. Bilera horren ostean, enpresak hainbat neurri zuzentzaile hartu zituzten, eta udalak jakitera eman duenez neurri horiek eman dituzte beraien emaitzak. "Jaurlaritzak eman berri du azken txostenaren emaitza eta Elorrion airearen kalitateak hobera egiten jarraitzen du", esan dute udaletik.

Neurketak herriko bi puntutan egin dituzte, Txanberi kalean eta Goieta kalean. Eta hainbat partikula izan ziren neurtutakoak, PM 10 izenekoa (hauts, errauts, partikula metaliko eta abarren partikula solido edo likido txikiak, atmosferan barreiatuta daudenak eta 10 µm baino diametro aerodinamiko txikiagoa dutenak), PST partikulak eta PM2,5 partikulak, besteak beste. 

Goietan neurriak gainditu
Bestalde, Goietan baimendurik neurriak gainditu egin zirela jakitera eman du udalak. Baina, Eusko Jaurlaritzako txostenaren arabera, EAEn egindako gainerako neurketekin bat datorren neurria da. Beraz, udalak industriari "ezin zaiola egotzi" azaldu du. Iruntza de Castro Elorrioko Udaleko Ingurumen teknikariak adierazi duenez, “gainerako faktoreak legezko mugen barruan daude, baina horrek ez du esan nahi lasaitu egin behar dugunik. Emaitzak hobetzen jarraitu behar dugu”.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!