Elorrioko emakumeei laguntza emozionala eman asmoz zerbitzu berri bat jarriko du martxan udalak

Maialen Zuazubiskar 2020ko eka. 30a, 10:23

Uztailean jarriko dute martxan zerbitzu berri hau. Erabili gura duenak 667 906 437 telefono zenbakira deitu edo covid19elorrio@gmail.com helbidera idatzi dezake. 

Bizitzak erdigunean jarri eta emakumeei laguntza emozionala eman asmoz, Elorrioko Udalak zerbitzu berri bat jarriko du martxan. "Pandemia sasoian emakume askoren egoera larritu egin da bereziki etxealdian; tratu txarrak jasaten dituztenena, langabezian edo erregulazio egoeran daudenena, etxean telelanean ari direnena, osasun arloan lan egiten dutenen, besteak beste. Eragin horiek larritu baino lehen, laguntza emozionala eta baliabideen berri emateko bidea eskaini nahi izan die udalak” azaldu du Alazne Mendizabal, Berdintasun arloko zinegotziak.

Hori horrela zerbitzuaren asmoa Elorrioko emakumeei laguntza emozionala eman eta beraiei gaur egun dauden baliabideen berri ematea izango da. Udaletik jakitera eman dutenez, zerbitzua ez da esku-hartzeko edo terapia egiteko, entzuteko eta akonpainamendurako zerbitzua da.

Horrez gain, emakumeei laguntza emateko zerbitzuagaz Covid-19ak emakumeengan izan duen eragina neurtu ahal izango dela jakitera eman dute udaletik.

Zerbitzua erabili gura dueneak 667 906 437 telefono zenbakira deitu edo covid19elorrio@gmail.com helbidera idatzi dezake. Emailera idazten duenak 24 ordu baino lehen jasoko du erantzuna.

Euskaraz, gaztelaniaz, ingelesez, portugesez eta frantsesez eskainiko duten zerbitzuak ordutegi jakin bat izango du, astelehen, eguen eta barikuetan 11:30etik 13:30era emango da. Martitzen eta eguaztenetan, berriz, arratsaldez emango dute zerbitzua, 16:00etatik 18:00etara.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!