[BIDEOA]: 1978an Guardia Zibilak tiroz hil zuen José Emilio Fernández gogoan izan dute Elorrion

Maialen Zuazubiskar 2020ko eka. 24a, 11:29

42 urte bete dira José Emilio Fernández Guardia Zibilak tiroz hil zuenetik. Hau gogoratzeko ekitaldia egin dute Elorrion. Gainera, egia, justizia eta erreparazioa eskatu dituzte bertaratu direnek. 

1978an José Emilio Fernández Pérez 16 urteko elorriarra Elorriora bidean zihoan lagunekin auto-stop eginda. Auto gidariak ez zuen Guardia Zibilak Atxondon Arteako industriagunearen inguruan jarritako kontrola ikusi, eta Guardia Zibilak autoa tirokatu zuen. Fernandezek hainbat tiro jaso zituen eta bertan hil zen. Tiroketa berean, autoan zihoazen beste lagun biak ere zauritu ziren. 

Guardia Zibilaren bertsioak, berriz, autoa kontrolean ez zela gelditu, eta alde egin zuela jasotzen du. "Ez zegoen argirik, gaua zen, dena ilun-ilun zegoen eta kontrola seinaleztau gabe zegon. Gidariak ez zuen ikusi eta tirokatu egin gintuzten", azaldu dio ANBOTOri autoan zihoan José Felix Mariasek. 

Horrez gain, bai Mariasek baita ekitaldira hurbildu direnek justizia egiteko ordua dela esan dute. "Bertsio ofizialean esan zutenaz gain, heriotza-ziurtagirian José Emilio bihotza-gelditu zitzaiolako hil zela jartzen du. Ordua da egin zutena onartu eta justizia egiteko", esan dute. 

Ekitaldian Maria Herrero alkateordea ere izan da, eta Fernandezi ekitaldia egitea goraipatu du. "Ez dugu memoriarik. Askok jakin ere ez dute egingo duela 42 urte herriko mutil gazte bat hil zutela. Imaginatzen dut familiarentzat mingarria izango zela orain arte ezer ez egitea", dio Herrerok.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!