"Antolatzaileak gonbidatu nahi ditugu beldurra galtzera eta ekitaldiak antolatzera. Hori kulturari bultzada emateko moduetako bat da"

Aritz Maldonado 2020ko eka. 22a, 09:00

Normalitate berriarekin batera, kultur ekitaldiak antolatzen hasi dira Durangaldean. San Juan bezpera ospatzeko, Elorrion Potx eta Lotx pailazoen ikuskizuna egongo da bihar San Roke inguruko zelaian, 18:00tik aurrera. 

- Agertokietara itzultzeko gogoz?

Oso gogotsu gaude! Maiatzetik aurrerako agenda nahiko beteta genuen eta gogotsu geunden herriz-herri ibiltzeko. Baina guztia bertan behera geratu zitzaigun. Elorrioko proposamena jaso genuen beltzune horretan eta argi pixka bat izan da. Inoiz baino gogo gehiagorekin itzuliko gara eszenatoki gainera!

- 'Etxean' ikuskizuna aurkeztuko duzue Elorrion. Zertan datza?

Badirudi konfinamenduarekin zerikusi zuzena duela eta hein batean hala da, nahi izan gabe. Potx eta Lotx etxetik ezingo dira irten Osabak alde egin behar izan duelako. Eta halako batean hasten dira bisitak jasotzen eta hor hasten dira abenturak: Eusko Jaurlaritzeko elkarrizketatzailea, Izaskun auzokide astuna… Larritasunak pasako dituzte… aurre egingo diote horri?

- 'Etxean' lana sareetan ere eskegi duzue. Zelako harrera izan du?

Bai, otsailean grabatu genuen saioa (eskerrak!) eta konfinamendua zela eta erabaki genuen denon eskura uztea. Oso-oso erantzun ona izan du eta oso pozik gaude. Jende askok idatzi digu eskerrak ematen gure facebook eta instagramera. Sare horien bitartez mantendu dugu harremana, bai! Guretzat oso garrantzitsua da jarraitzaileekin harremana mantentzea eta teknologiak aukera hori ematen du, behintzat.

- Uda honetarako hainbat emanaldi zenituzten lotuta. Nola eragin dizue Covid-19aren agerpenak?

Bai, hori da. Aipatu dugun bezala uda nahiko oparoa genuen. Gainera, hurrengo urtera begira apustu bat egina genuen baina ezinbestean atzeratu egin beharko da. Pena handia ematen digu baina horrela izan behar da. Eta orain hiru besterik ez ditugu lotuta. Lehenago hitzartutakoarekin konparatuta oso gutxi da. Atzeratuko direla esan digute… baina nork daki! Jendea beldurrez dago… baina gutxieneko segurtasun neurriak hartuta esan nahi dugu horrelako ekitaldiak egin daitezkeela eta modu seguruan. Hemendik antolatzaileak gonbidatu nahi ditugu beldurra galtzera eta ekitaldiak antolatzera. Hori kulturari bultzada emateko moduetako bat da.

- Zein garrantzia du umoreak aurreikusten den krisialdiari aurre egiteko?

Umoreak balio du zama arintzeko, errealitate gordinari aurre egiteko, kritika egiteko, ondo pasatzeko, arima eta kontzientzia berpizteko! Hori ezinbestekoa da mundu aldrebes honetan eta gu hori egiten saiatzen gara modu sinboliko batean sudur gorri baten laguntzarekin. Pailazoak euren inozentzian oso baliagarriak izan daitezke gure mundua ikusi eta eraldatzeko. Munduko logikari kasu eginez ez gara portu onera iritsi, agian tontakeriaren logikari kasu gehiago egin beharko genioke. Ezagutza mugatua da; tontakeria infinitua!

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!