Elorrioko Udalak ikerketa bat abiatu du herriko kiroldegiaren egoera eta etorkizuneko beharrak zeintzuk diren jakiteko. Kiroldegia nola handitu edo berritu daitekeen jakin gura du, etorkizunean, balizko obra batzuei ekiteko. Udalak jakinarazi du azterlanaren barruan parte hartze prozesu bat txertatu duela eta bertan zehaztuko dela zein premia lituzkeen balizko berrikuntza batek.
Daniel Palacios kirol arloko zinegotziak azaldu du jakina dela gaur egungo "instalazioak ez direla egokienak", eta "jarduera fisikoa egiteko ohiturak" asko aldatu direla. "Kiroldegiaren inguruan ezein erabaki hartu aurretik, gaur egun ditugun instalazioen indarguneak eta ahulguneak aztertu nahi ditugu, eta horretarako, ezinbestekoa da erabiltzaile guztien iritzia jasotzea, plan estrategikoarekin batera, Elorrioko kirol instalazioek nolakoak izan behar duten jakiten eta zehazten lagunduko baitigu horrek”, azaldu du.
Azterlana egingo dutenak Alfonso Herranz eta Javier Chocarro arkitektoak izango dira. Antzerako lanak egin izan dituzte biek, aurretik, Oñatin. Azterlanak 17.787 euroko kostua izango du.