“Inguruan estatu mugakide asko dituen arren, egoera dezente hobea da Austrian”

Ekaitz Herrera 2020ko mai. 30a, 10:00
Izaro Gallastegi

Euken Ercilla elorriarra diseinu industrialeko ingeniaritza ikasketak egiten dabil Mondragon Unibertsitatean. LED argiteriaren inguruko tesia amaitzen dabil, Austriako enpresa bategaz. Osasun krisialdiak han harrapatu du.

Badirudi Euskal Herriaren aldean koronabirusaren krisialdia eramangarriagoa dela Austrian.
Azken hilean nahiko egoera normala bizitzen ari gara. Neurri asko hartzen ari dira, leku itxietan batez ere. Kaleetan, nahiko normala da egoera. Apirilaren hasieratik izan dugu kalera kirola egitera irteteko aukera. Dendetara edo toki itxiren batera bazoaz, bertakoek ematen dizute maskara. Lantokietan, supermerkatuetan edo garraio publikoetan derrigorrezkoa da maskara erabiltzea.

Austria osoan baieztatu diren positiboak 17.000 bat dira. Hildakoak, 635 bat. Guk hemen oso bestelako zenbakiak ditugu.
Bai, egoera dezente hobea da hemen, kontuan hartuta Austria nahiko leku arriskutsuan dagoela. Hau da, estatu mugakide asko ditu. Ni bizi naizen eskualdeak, esaterako, Tirolek, estatu asko ditu inguruan: Suitza, Luxenburgo, Alemania eta baita Italiako iparraldea ere. Italia iparraldeko eta Espainiar Estatuko egoeraren albisteak heltzen hasi zirenean, berehala zarratu zituzten mugak. Italiako muga izan zen zarratzen lehenengoa. Prebentzio neurriak oso goiz hartu zituzten. Oso azkarra izan zen dena. Gainera, ikusirik Tirol eskualdeak zuela arriskurik gehien, konfinamendu neurriak lehenago hartu ziren hemen.

Eta testuinguru horretan, gazte elorriar bat ikasketak amaitzen Innsbruck hirian. Zer moduzko esperientzia izaten ari da?
Elorriotik irten eta hiri handi batean bizitzen ipintzeko beldur hori nuen hasieran. Ez naiz hiri handi batean sekula bizi izan eta ez dut uste ondo moldatuko nintzatekeenik. Baina Innsbruck herri handi baten modukoa da. Jendeak elkar ezagutzen du, giro ona dago. Daukan beste alde interesgarri bat da kanpotar eta ikasle asko dituela. Unibertsitate sendoa du eta jende asko dabil ikasketak hemen egiten. Europako beste hainbat puntutan beharbada bizitasun falta egongo da kaleetan, baina hau oso hiri bizia da.

Erabateko Erasmus giroan bizi zara orduan.
Beste ikasle batzuekin partekatzen dut etxea. Bost gara, baina zoramenezko Erasmus giroan barik, lan giroan bizi gara etxean. Haiek ere masterra egiten dabiltza. Pisukideak italiarrak dira.

Bestalde, kirola sustatzeko proiektu batean ere sartuta zaude.
Bai. Proiektuak Wellk du izena. Beste euskaldun bat, Aritz Guinea, laguna dut eta Euskal Herrian kirola sustatzeko eta kiroldegien errentagarritasuna hobetzeko proiektua du esku artean. Koronabirusaren aurretik, udalekin hartu-emanean ipini ginen, baina gero dena eten zen. Bitartean, denbora  aprobetxatu dugu.  Kirol saioak, entrenamendu pertsonalizatuak eta kirolariei egindako elkarrizketak eskaintzen ditugu Interneten eta Instagramen. Uneotan erronka solidario bat dugu. Parte-hartzaileak dohaintza bat egin dezake minbiziaren aurkako ikerketarako. Minbiziaren aurkako Espainiako elkarteagaz lankidetza dugu.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!