“Auto bat ni harrapatzen ahalegindu zen eta gidariak etxera joateko oihukatzen zidan”

Maialen Zuazubiskar 2020ko mai. 22a, 17:00

Ziortza Isasi elorriarrak hobera egin du urterik urtera. Aurten, aurrerapauso bat ematea zuen helburu.

Otsail hasieran eman zenion hasiera errepideko denboraldiari, Valentziako Astean, eta eroriko gogorra izan zenuen. Ostean, koronabirusa heldu zen. Urte hasiera gogorra izan da.
Eroriko gogorra izan nuen, bai, eta medikuek apiril-maiatz ingurura arte geldi egon beharko nuela esaten zidaten. Lesio gogorra nuen bizkarrean, eta esaten zidaten denbora beharko nuela hori osatzeko. Hile batzuetan ezingo nintzela lehiatu esan zidaten, baina entrenatzen jarraitu ahalko nuela. Horren ondoren, koronabirusaren kontuagaz hasi ginen, eta denak etxean sartu gintuzten.

Zelakoak izan ziren zuretzat hasierako egunak?
Ez nuen inondik inora pentsatzen horrelakorik gertatuko zenik, eta neure buruari esaten nion aste biko kontua izango zela. Baina kontua luzatzen zihoala ikusi nuen gero, eta oso txarto pasatu nuen. Antsietate apur bat izan nuen.

Fisikoki zelan harrapatu zintuzten erorikoak eta COVID-19ak?
Ondo nengoen, baina ez ehuneko ehunean. Jausi nintzenean, esaterako, aurrean nindoan, onenekin. Beraz, hau guzti hau niretzat beste denboraldi-aurre bat egitea lez izan da. Hasieran, forma ez galtzeko entrenatzen ginen; orain, ostera, lasterketaren bat dugunerako prestatzen gabiltza.

Esan dizuete noiz itzuliko zareten lasterketetara?
Zurrumurru asko daude. Esan digutenagaitik, printzipioz uztail amaieran edo abuztu hasieran hasi gaitezke lehiaketetan. Baina ezer segururik ez dakigu eta entrenatzaileek lasai hartzeko esaten digute. Aurten denerik pasatu daiteke eta baliteke denboraldia berriro ez hastea.

Bestalde, nik modalitate bi uztartzen ditudanez, errepidea eta pista, baliteke urte amaieran denboraldi biek bat egitea. Azkenean, errepidekoa abuztuan hasten bada eta azarora arte luzatu, pistakoagaz bat egingo du, sasoi horretarako pistakoa hasi daiteke eta. Baina, bueno, ikusi egin beharko da ea zer gertatzen den.

Gogorra izango da helburu jakin bat barik entrenatzen hastea.
Aurre-denboraldi bat egiten gabiltza, ordu asko egiten ditugu bizikleta gainean eta mendiko bizikletagaz ere bagabiltza. Azkenean, forma ez galtzea da orain helburua. Baita lasterketen berri dugun momentuan entrenamendu gogorretarako eta serieak egiteko prestatuta egotea ere.

Ia hile bitan kirolariek etxean entrenatu behar izan duzue. Arrabola albo batera uzteko irrikaz egongo zinen.
Bai, baina, egia esan, nahiko ondo eraman dut arrabolaren kontua. Entrenamendu ezberdinak egin ditut arrabolan, eta, gainera, lasterketa birtualetan ere parte hartu dut. Guk kirolariok zainetan daramagu lehiatzea, eta aitortu behar dut lasterketa birtual hauetan ere izugarri pikatu naizela. Lasterketa horiek ere bizi nituen, eta etxean hainbatetan ibili naiz zarataka.

Hala ere, errepidera irten nuen lehenengo eguna izugarria izan zen. Herrian eta ordu tarte batean bakarrik irteteko aukera genuen arren, mundiala izan zen. Jendeagaz gurutzatea, berriro arnasa hartzea, ikaragarria izan zen.

O fasera igaro ginenetik, goi mailako kirolariek entrenatzeko aukera duzue. Zelan joan dira hasierako egunak errepidean?
Hasieran oso txarto pasatu nuen. Auto bat ni harrapatzen ahalegindu zen, eta etxera joateko oihukatzen zidan gidariak. Biribilgune batean izan zen, Abadiñon, Hostal San Blasekoan hain zuzen ere. Amari esaten nion ertzainek gelditzea baino beldur gehiago ematen zidatela jendeak izan zitzakeen erreakzioek. Azkenean ez dakigu-eta jendeari honek guzti honek zelan eragin dion. Horrez gainera, errepideak ere erdi hutsik zeudenez, autoak oso bizkor zebiltzan.

Orain, ostera, faseek eta asteek  aurrera egin dutenean, jende gehiagok irten dezake askatasun handiagoz errepidera, eta lasaiago nabil. Orain txirrindulariak gurutzatzen dituzu errepidean, eta horrek poza ematen du.

Honen guztiaren aurretik, zer helburu zenituen ipinita?
Ikuspegi altuak nituen. Momentu honetan Eneicat taldean nago, eta salto bat eman eta beste talde batzuek ere hor nagoela ikustea zen nire helburua. Oso gustura nago taldean, baina kalitatezko pauso bat eman gura nuen. Gainera, aurten Patxi Vilak eta Carlos Jimenezek daramatzate gure entrenamenduak, eta posible ikusten nuen pauso hori ematea.

Eta orain, zer helburu dituzu?
Helburuak lehengoak dira. Lehiatzeko hile bi baditugu, zenbat balio dudan erakutsi gura dut denbora horretan. Bizikletaren aldeko apustua egin dut eta ikusi egin beharko da ea zortea dudan. Baina badakit gauzak ez direla errazak izango. Hala ere, argi dut dena emango dudala aurrepausoa emateko.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!